Artziniegako Udalak desadostasuna adieraziko die herriko dorrea berritu duten enpresa eta obra zuzendariari, teilatuaren hainbat teila erortzeko arriskuan baitaude. EH Bilduko udal gobernu taldeak berretsi du dituzten tresna legalak baliatuko dituela lanak egin dituztenek euren gain har ditzaten sortutako kalteen ardurak.
Berez, hotela izango den eraikinaren teilatuaren egoera herritarren segurtasuna arriskuan jartzen duela ziurtatu du beste enpresa batek egindako txostenak eta afera eztabaidagai bihurtu zuen EAJk azken udalbatzan. Oposizioko taldeak leporatu zion udal gobernu taldeari obraren kontrol egokia egin ez izana.
Tenore kritikoa baliatu zuten jeltzaleek azken udal osoko bilkuran eta zenbait zerbitzu publikoren kudeaketa mahairatu zuten. EAJk errepikatu zuen akatsa izan dela eguneko zentroaren zerbitzua eten izana lizitazioa egin bitartean, Jolas Txokoen esleipena ere atzeratu dela, eta Museoaren gida-zerbitzuaren etorkizuneko lizitazioei eta kultura-, kirol- eta arte-ikastaro eta tailerrei buruzko informazioa ere eskatu zuen.
Afera eztabaidagai bihurtu zuen EAJk azken udalbatzan. Oposizioko taldeak leporatu zion udal gobernu taldeari obraren kontrol egokia egin ez izana.
Halaber, udal igerilekuen zerbitzuari buruz ere galdetu zuten jeltzaleek, herritar batzuek adierazi baitiete dutxa beroak ez duela funtzionatzen.
Udako solstizioko istripua
Oposizioak landu zuen beste gaietako bat izan zen Udako solstizioaren ospakizunean gertatutako istripua, zeinean gazte bat erre zen pizten den suaren sugarretan erori ostean.
EAJk galdetu zuen ea Udalaren idatzizko baimenik zegoen sua pizteko, zer babes-neurri aurreikusi ziren, nork kendu zituen hasiera batean suaren inguruan jarritako hesiak, zer osasun-gailu zegoen erabilgarri jarduerak iraun zuen bitartean, eta nola baimendu zen hura egitea, nahiz eta tenperatura altuengatik alerta ezarrita egon.
Udal gobernu taldeak azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari egun horretan ez zegoela debekaturik sua piztea (hurrengo egunetan bai, adibidez) eta ezbeharra gertatu zela hesiak kendu zirenean.
Horrez gain, jeltzaleek proposatu zuten Irisgarritasunaren Udal Kontseilua sortzea, elkarteekin, adituekin eta herritarrekin etengabe lan egiteko, oztopo arkitektonikoak ezabatzeko eta udalerri irisgarriago eta inklusiboago baterantz aurrera egiteko.