"Ibilbide turistiko murgiltzaile berria" aurkeztu du Artziniegako Udalak, Erdi Aroko hiribilduaren aberastasun historikoa beste moduan aurkezteko. Zonaldeko monumentu esanguratsuenak eskaneatu dituzte, 360° formatuko murgiltze-esperientzia eskaini ahal izateko. Gainera, "errealitate-aregoatuaren geruza bat" gehitu diote laster ekimenari.
Zazpi monumentu hauek dira birtualki bisitatu daitezkeenak:
- Arteko Santutegia
- Ortiz de Molinillo eta Velascoren Dorrea
- Goiko Plaza
- Agustindarren komentua
- Jasokundeko Andre Mariaren Parrokia
- Sutegia
- Museo Etnografikoa
Leku bakoitzeko "elementu esanguratsuenei buruzko azalpen zehatzak eta interaktiboak" ematen ditu aplikazioak, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.
Hala ere, nabarmendu dutenez, tresna hau herriko toki bakoitzean fisikoki presente egonda soilik baliatu daiteke, helburua ez delako ohiko bisita ordezkatzea, esperientzia horri "balio-erantsia" ematea baizik. Gauzak hala, ibilbidea bi modutan egiteko aukera ematen du aplikazioa: bisita gidatu baten bidez edo modu librean.
Hemen deskargatu daiteke aplikazioa eta Artziniegako ibilbiderako sarbidea.
AbakandoXR enpresa espezializatuak garatu du egitasmoa Udalaren enkarguz, eta Arabako Foru Aldundiko Turismo Sailaren laguntzekin finantzatu da ekimena.
