Egun gutxi falta dira Artziniegako Jaiei hasiera emateko, eta azken unera arte egon da kolokan festetako ekintza nagusienetako baten kokalekua: Arteko Landako herri bazkaria.
Jaietako azken larunbatean ospatzen den bazkaria da honakoa, Artziniegan sakon erroturiko hitzordua. Santutegiaren ingurumarietako zuhaitzen egoerak, ordea, espazio arazoa sortu du bertan.
Izan ere, adarrak erortzeko arriskua dela eta, zelaiko zenbait gune perimetratu egin dituzte azken hilabetean, bertako edukiera murriztuta.
Alternatibak mahaigainean
Ehunka bizilagun elkartzen ditu Arteko Landako herri bazkariak, eta espazio arazoak saihesteko helburuarekin zenbait alternatiba egon dira mahai-gainean azken hilabeteetan.
Aukeretako bat herri bazkaria Arteko Gure Ama Ikastetxera mugitzea izan zen. "Gaizki ulertu baten ondorioz" mahaigainean jarritako proposamen hutsa izatetik publikoki alternatiba gisa azaltzera pasa zen aukera hori, Artziniegako Udalak zabaldutako oharrean azaldu duenez.
Aukerak ezinegona sortu zuen zenbait herritarren artean eta Tokiko Gobernuak honakoa adierazi du: "Argitu nahi dugu inor ez dela saiatu Arteko landako bazkari herrikoia bezalako ekitaldi sustraitua gutxiesten, ezta inork egun horretan bertan jatea erabaki dezan eragozten ere. Berriro diogu, ez da saiatu espazioak aurrez aurre jartzen, ez jarrerak alderatzen, ez inor ezertara behartzen. Salbuespenezko gertaera baten aurrean, salbuespenezko erantzun bat aztertu zen, jakin badakigulako Arteko landan espazio-muga bat egongo zela".
Herri bazkaria Arteko Landan
Bizilagunen iritzi eta iradokizunak jaso ostean, aurten ere herri-bazkaria Arteko Landan ospatzea hobetsi du Artziniegako Udalak. Azaldu dutenez, espazioa egokitu eta zabalduko dute herritarrak barrutian zehar banatzeko.
Halaber, aurreko egunean (irailak 11), ordu zehatz bat ezarriko da herritarrek zelaiko eremuan mahaiak jarri eta bazkarirako tokia gorde dezaten. Udalak ohartarazi du zehaztutako ordua baino lehenago kokatutako mahai, mahai-zapi edota aulkiak erretiratu egingo dituztela. "Azken batean, denon artean ahalik eta hobekien uztartu ahal izango dugu eskura izango dugun espazioa, landan dauden ohartarazpenak eta jaiaren gozamena", azaldu du Udalak.
Azken ohartarazpen bat ere egin du tokiko erakundeak egun horretan Arteko Landara bertaratuko diren herritarrei "erantzukizuna eta egunaz goza dezatela" eskatuz.