Artziniegako alkateak adierazi duenez, gaur 14:30ak aldera sutea sortu da hiribildutik ez oso urrun. "Arza herrian izan da. Berez, Burgosen dago udalerria, baina bospasei kilometrora dago", argitu du Joseba Vivancok.
Udalburuak berak azaldu duenez, antza, ezbeharra pinudi aldapatsu batean gertatu da, baina larrialdiari aurre egiteko bitarteko ugari mobilizatu dituzte.
"Baimena eskatu digute igerilekuak baliatzeko eta hasieran hiru helikoptero aritu dira ura biltzen eta suaren gainean botatzen. Irakurri dudanagatik, zazpi aparatu, helikoptero eta hidrogazkinak ari dira lanean", erantsi du Vivancok.

Gaztela eta Leongo Juntak zabaldu du sutea lehen mailako arriskuan sailkatu dutela gertakaria.
Printzipioz, alkateak lasaitasun mezua zabaldu nahi izan du, gaur Artziniegako jaiak hasten baitira. "Ez digute esan sua hurbiltzen ari denik", aipatu du.
Gogoratu beharra dago hori ez dela hiribilduaren eremutik gertu udan agertu den sute bakarra, Lanteno ere oso hurbil baitute.
