Bihar greba mugagabea hasiko dute Tubacex Taylor Artziniegako lantegian. ELA sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez, irailaren 3an bildu ziren langile ordezkariak zuzendaritzarekin eta ez zuten sumatu lan hitzarmena berritzeko borondaterik.
Gauzak horrela, eta udan hamahiru greba egun egin ondoren, lanuzte mugagabera salto egitea erabaki dute.
Horretarako pisuzko arrazoiak dituztela aldarrikatu du ELAk: "Langileek 13 urte daramatzate hitzarmen kolektiboa eguneratu gabe. Urte horietan guztietan, hitzarmenean ezarritako soldatak izoztuta egon dira, antzinatasunagatiko bosturtekoei dagozkien igoeretatik haratago. Ondorioz, langileek erosahalmena galdu dute. KPIaren bilakaera erreferentziatzat hartuta, prezioak %26 inguru igo dira 2013 eta 2025 bitartean, eta soldata-taulek ez dute eguneratze baliokiderik izan, izoztuta daude".
Halaber, sindikatuak aipatu du enpresako 27 beharginek soldatak eta lan baldintzak izoztuta dituzten bitartean, Tubacex taldeak 6,4 milioi euroko ordainsaria onartu diela akziodunei.