Atzeratu egin da Artziniegako ikastaro eta tailerren hasiera, eta EAJk “desgobernua eta aurreikuspen falta” egotzi dizkio alkateari

Txabi Alvarado Bañares

Artziniegako Udala, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Udalak argudiatu du zerbitzua eskaintzen zuen enpresak uko egin diola kontratua beste bi urtez luzatzeari. 

Berandu hasiko dira Artziniegako ikastaro eta tailerrak. Udalak azaldu duenez, zerbitzua eskaintzen zuen enpresak uko egin dio kontratua beste bi urtez luzatzeari. 

Tokiko erakundeak argudiatu du ez dutela enpresa derrigortu zerbitzua ematera, horrek “arazoak” eragingo zituela eta “erabiltzaileen kalterako” izan ahalko litzatekeela iritzita.

Gauzak hala, abuztuan ekin zioten zerbitzua berriz lizitatzeari, baina berriz abiatu behar izan dute hasieratik, “tramitazioan egondako akats batengatik”. 

Horrek eragin du atzerapena, tokiko erakundearen hitzetan, eta ez dute hasiera datarik aurreikusi, “edozein intzidentziak atzerapen gehiago” sortu ahal dituelako. 

Azaldu dutenez, horretan aritzen den sektoreak langile gabezia dauka, eta horrek “gero eta zailagoa” bilakatzen du “eskolak ematen dituzten irakasleak aurkitzea”, are gehiago landa-eremuko udalerrietan.

Informazio guzti hori sare sozialen bidez partekatu du Udalak, eta ohartarazi du “geroz eta zailagoa” izaten ari dela tokiko erakundeentzat “horrelako zerbitzuak eskaintzea”.

Azaldu dutenez, horretan aritzen den sektoreak langile gabezia dauka, eta horrek zaildu egiten du “eskolak ematen dituzten irakasleak aurkitzea”, are gehiago landa-eremuko udalerrietan. “Horren adibidea da ondoko udalerriren batera ez dela enpresarik aurkeztu zerbitzu hori kudeatzeko. Hau da, gure gain hartzen ditugun izapideetako erantzukizun propioez gain, zerbitzu hori ematea gero eta zailagoa da, merkatua bera zaildu egin delako”, azaldu dute. 

Gauzak hala, “barkamenak eta pazientzia” eskatu diete herritarrei, izen emateak “unea iristen denean” irekiko dituztela iragarrita. Ordura arte, “ekimen puntualen bat” antolatzea baloratuko dute Udalean. 

EAJren kritikak

EAJk alkateari egotzi dio gertatutakoaren ardura, “desgobernua eta aurreikuspen falta” leporatuta. 
Jeltzaleen aburuz, Udalak aitortutako gertakaria EH Bilduren gobernuaren beste adibide bat da, erantzukizuna tokiko erakundearena dela nabarmenduz.

"Alkateak berak onartzen du tramitazioan akats bat egon dela eta akats horrek lizitazioa berriro hastera behartzen duela. Hori ez da merkatuaren zailtasuna, ezta enpresei egotz diezaiekegun arazoa ere: udal kudeaketaren arazoa da", argudiatu dute oposizioko taldeko kideek. 

Ildo horretan, Encina Castresanak argudiatu du sektorean dauden zailtasunak ez direla berriak, eta ezin direla baliatu "izapidetze okerra justifikatzeko azalpen gisa". Kontrara, egoera horrek "aurreikuspen handiagoa" eskatzen duela uste du zinegotzi jeltzaleak, "eta ez gutxiago". 

Encina Castresana jeltzaleak argudiatu du sektorean dauden zailtasunak ez direla berriak, eta ezin direla baliatu "izapidetze okerra justifikatzeko azalpen gisa".

Horrekin batera, EAJk nabarmendu du gertartutakoa ez dela atzerapen hutsa, Udala ez delako hasieraren "gutxi gorabeherako aurreikuspen bat" eskaintzeko gai izan. "Urtero antolatzen diren udal jarduerei buruz ari gara. Ez gaude gauetik goizera sortu den ustekabeko egoera baten aurrean. Aurreko kontratua amaitzen bazen eta beste lizitazio bat prestatu behar bazen, Udalak denbora nahikoarekin lan egin behar zuen zerbitzuaren jarraipena bermatzeko", nabarmendu du Castresanak. Bere hitzetan, "Udalaren ziurgabetasuna herritarrei helarazten" zaie modu horretan. 

Gauzak hala, "zorroztasun, aurreikuspen eta kudeaketa-gaitasun handiagoa" eskatu diote jeltzaleek Udalari: "Artziniegak kudeatzen duen Udal bat behar du, aurrea hartuko duena eta bere bizilagunei ziurtasunak emango dizkiena. Ikusten ari garena justu kontrakoa da: inprobisazioa, atzerapenak eta orain hutsetik hasi behar den prozedura berri bat. Eta horrek arduradun bat du: EH Bilduren Udal Gobernua".

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide