“Australiak ez dauka kultura propiorik. Berezko kultura aborigena da, baina herri aborigena ez dago integratuta gizartean”

Aitor Aspuru Saez

Jon Dorronsoro basamortuan./ J. D.

Jon Dorronsoro artziniegarrak basamortuan lan egiten du, Australiako meategietan. Esperientzia horri, bidaiatzeari eta influencerrek migrazioan daukaten eraginari buruz mintzatu da, besteak beste.

Nola bukatu duzu Australian?

Aspaldi nire buruan zegoen bidaia luzea egitea eta Australia eta Zeelanda Berria ziren helburuak. Australiaren alde egin nuen. Horretarako ingeles proba batzuk egin eta nire datuak eman nituen, baita nire tituluak ere eta Australiako estatuak bisa eman zidan. Han nabil lanean duela bi urte.

Oso zaila da bisa lortzea?

Bai, duela urte batzuk zenbait influencer hasi ziren euren bizitzak kontatzen sare sozialetan eta jende gehiegi aurkeztu zen zenbait lanpostu betetzera. Nik prozesua abiatu nuenean oraindik ez zegoen “boom” hori, baina titulu asko eskuratu nituen, eta erraza izan zen. Hala ere, duela urtebete bisa gutxi daude. Nire lagun batzuek, adibidez, ez dute lanik lortu eta itzuli behar izan dira.
Nire bisa urtebetekoa da eta berritu ahal izan dut basamortuan lan egiten dudalako. Hala ere, hirugarren urtea egingo dut eta ezingo dut berritu.
Oso bisa gutxi daude eta jende orok nahi duenez meategietan behar egin, ez dago lanposturik. Ni oso zorionekoa izan nintzen.

Non egiten duzu lan zuk?

Esan bezala, nik meategietan egiten dut, logelak garbitzen, sukaldaria laguntzen edo makinen mantenua egiten. Han ez nagoenean, oilo baserri batean nabil.

"Oso bisa gutxi daude eta jende orok nahi duenez meategietan behar egin, ez dago lanposturik."

Zein ikasketa egin dituzu?

Elektrizitate eta robotika goi-graduak ditut. Egia esanda Australian egiten ditudan lanak, mantenua kenduta, ez dute zerikusiri handirik. Berez, meategietan enpresa berarentzat egiten dut lan hiru lanpostu ezberdinetan eta hutsune bat dagoenean deitzen didate. Bestela, oilo baserrian aritzen naiz.

Eta nola antolatzen duzu bizitza?

Ondo, ni Australiara lan egitera etorri naiz. Aukera dudanean Kanbodia edo Indonesiara noa bidaia egiten, ordubeteko hegaldia dagoelako haraino. Oso merkea da dena eta nire asmoa da bi hilabetez lan egitea eta bi aste Asian ematea. Askok galdetzen didate zergatik ez naizen joaten Sidneyra, baina Australia mapetan dirudien baino nabarmen handiagoa da. Ni nagoen lekutik hiriburura zortzi orduko bidaia dago eta ez da merkea. Indonesiara hiru ordu dira eta animaliak eta paisaia oso ezberdinak eta politak dira.

"Aukera dudanean Kanbodia edo Indonesiara noa bidaia egiten, ordubeteko hegaldia dagoelako haraino".

Non bizi zara zu?

Perth-en. Hor ez dago ezer, soilik meategiak. Hondartza dago. Polita da, baina meategien industriara lotuta dago. Berez, meategiak basamortuan daude eta Perth-etik hegazkinez goaz hara. Bi astez lan egiten dugu eta hegazkinez itzultzen gara.

Beti egin duzu han lan?

Heldu nintzenean, lagun batek esan zidan Gold Coastera joateko. Han hondartza eta leku turistikoenak daude. Oso polita da, baina telefono zenbakia eta banku kontua eskuratzera joan nintzen. Handik Perthera jo nuen eta lagun batek erraztu zidan.

"Berez, meategiak basamortuan daude eta Perth-etik hegazkinez goaz hara. Bi astez lan egiten dugu eta hegazkinez itzultzen gara."

Nolakoa da zure egunerokoa?

Hirian nagoenean lagunekin geratzen naiz futbolean edo volleyan jokatzeko, edota zinemara joateko edo zerbait hartzeko. Dena den, ohikoena da basamortuan egotea lanean. Bi astez joaten gara eta aukera dudanean, aste bat edo gehiago libre dudanean, Asiara noa bidaian.

Nolakoa da basamortuan lan egitea?

Gogorra. Hamabi orduz egiten dugu lan egunero. Dena den, jende gehiena dago egoera berean eta lagun bilakatzen zara. Hego Ameriketako edo Europako jende asko ezagutu dut.

Nora zoaz aukera duzunean?

Tailandiara ez naiz inoiz joan, adibidez, saiatzen naiz hain leku ospetsuetara ez joaten. Kanbodia, Malasia, Indonesiako irla ezezagunak… Ohikoan bakarrik joaten naiz, Australiako lagunek ez dute opor egun berak eta gainera batzuek nahiago dute Tailandiara joatea parrandan eta edatera. Nik nahiago dut Kanbodiako mendietan tenpluak bisitatzea eta hango kultura edo fauna ezagutzea. Gero gauza harrigarriak ditut kontatzeko.

"Hamabi orduz egiten dugu lan egunero."

Adibidez?

Animalia bitxi asko ikusi ditut, baina maiz ez dute bizi-baldintza oso egokiak. Asiako leku askotan animaliekin begirunea ez da handia. Adibidez, itsasoan herri flotante batean krokodiloak zituzten turistek janaria emateko. Apur bat tristea izan zen eta tximino asko ere ikusi ditut bizi baldintza kaskarretan.
Eremu naturaletan ikusi ditut, hori bai, errinozeroak edota tximinoak. Tenpluak ere harrigarriak dira, abandonatuak daude askotan. Ehunka urte dituzte.

Eta Australiari buruz zer esan dezakezu?

Australiak ez dauka kultura propiorik. Berezko kultura aborigena da, baina herri aborigena ez dago integratuta gizartean eta euren kultura ezagutzeko basamortura joan behar duzu. Aurten joango naiz, lagun aborigen bat daukat eta bi astez joango naiz eurekin bizitzen.
Asian, aldiz, kultura propioa dute eta ateak irekitzen dizkizute eta asko ikas dezakezu.

Fauna aipatu duzu, Australiakoa oso arriskutsua da.

Nire egoeran, lanean, ez ditut krokodiloak eta marrazoiak ikusten. Meategietan, ordea, badaude igelak, sugeak, armiarmak, eskorpioiak… Ikusten ditut, baina ez dira erasokorrak. Behin eskorpio bat topatu nuen nire laneko botan. Arazoak sortzen dira armiarmekin. Oso pozoitsuak dira eta logeletan sartzen dira. Edonola ere, ihes egin ohi dute. Dingoak badaude ere, txakur basatiak dira eta kanpamenduetan ibiltzen dira zaborra jaten. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide