Artziniegako Taupada Gazte Elkartea sortu duzue udan.
Iraia: Askotan nabaritu dugu elkarte baten beharra herrian. Azken urtean hainbat ekimen antolatu izan ditugu modu indibidualean, eta erakunde edo egitura baten falta nabaritu dugu antolakuntza hori guztia errazteko. Herritarrek kudeatutako elkarte bat, herritarrei zuzendua.
Denbora luzez gu hiruron arteko elkarrizketetan egon den ideia izan da.
Alba: Nabaritzen genuen jendeak horrelako zerbait exijitzen zuela. Jaietatik haratago ere herriari bizitza emateko. Inguruko herrietan jaiak ez ezik Gazte Egunak eta bestelako ekimenak antolatzen dituzte gazteek eta guk ere nahi genuen horrelako zerbait Artziniegan. Egia da iraila oso hilabete potentea dela herrian, jaiak eta Antzinako Azoka tarteko, baina gainerako hilabeteetan ez dago ezer.
Hartu duzue aurretik egondako eragileren baten erreleborik?
Irati: Artziniegan ez da aspaldian horrelako eragile egituraturik egon. Jaiak, esaterako, jai batzorde batek antolatu ditu azken urteetan, baina ez da talde egituratu bat, norbanakoen talde bat baizik, jaiak aurrera ateratzeko soilik elkartzen dena.
Alba: Gure iniziatiba propioz sagardotegira joateko autobus bat antolatu genuen iaz, eta arrakasta handia izan zuen. Horrek gauza gehiago antolatzera bultzatu gintuen. Edozer egiten genuela traba burokratikoak topatzen genituen, eta behin eta berriro errepikatzen ziguten elkarte ofizial baten bidez askoz errazagoa izango zitzaigula edozer egitea.
Zergatik erabaki duzue elkartea sortzeko urratsa ematea?
Iraia: Jaietako txosnaren kudeaketak piztu du elkartea sortzeko behar genuen txinparta.
Azken bi urteetan bi taberna desberdinek kudeatu dute jaietako txosna. Nabaritzen genuen horrek izaera herrikoia kentzen ziola txosnari, ez zela zerbait herrikoia. Bertan biltzen zen dirua ez zen gerora herrian gauzak antolatzera inbertitzen. Guk uste dugu bertan biltzen dena herrian inbertitzeko dirua izan behar duela, ekintza gehiago antolatzeko Artziniegan. Garai batean mendi taldeak edo bestelako elkarteek kudeatzen zuten txosna, baina azken urteetan ez.
Gauzak horrela. txosna kudeatzeko lizitaziora aurkezteko epea agortu baino egun bat lehenago eman genuen izena. Arrapaladan egin genuen eta 24 orduren buruan bagenuen elkartea sortua. Presio puntu hori gabe ziurrenik tabernaren bateko terrazan jarraituko genuke elkarte bat sortzearen beharraz hizketan.
Alba: Denbora generaman ideia buruan genuela, baina ez ginen inoiz hau formalizatzera iristen.
Denbora gutxian elkartea aurkeztu eta txosna kudeatzera sartu zineten. Nolako harrera izan du egitasmoak herrian?
Irati: Guztiz ezezaguna zen elkartea eta jendeak galdera asko egin zizkigun hasieran. Guk gazte mugimendua aktibatzea beste asmorik ez genuela azaltzen pasa genituen lehenengo asteak. Instagram kontua zabaldu genuen eta jendearen laguntza eta kolaborazioa eskatu genituen. Azkenean jendeak ulertu zuen gure proposamena eta erantzuna oso oso positiboa izan da. Gazte askok eta askok jo dute gugana ekarpena egin nahian; jaietako gazte bazkaria da horren adibide.
Iraia: Nabaritu dugu Arztiniegako gazteek bazutela herrian parte-hartzeko grina. Guk lehenengo urratsa eman dugu besterik ez.
Alba: Egia da hasieran azalpen asko eman behar izan genituela baina askoz handiagoa izan da jaso dugun babes guztia. Pozgarria izan behar du herriko gazteen erantzun positiboa jaso izanak.
Alba: Izan dira sekula txosnan egon ez diren baina aurtengoan egunero bertan egon diren kuadrillak.
Irati: Orotariko gazteak egon dira bertan gainera. Gure asmoa kuadrilla desberdinak nahastea eta elkartzea izan da, eta lortu dugu. Txosnatik familia moduko bat sortzea, nolabait. Horretarako jolas eta ekintza desberdinak prestatu genituen eta emaitza oso positiboa izan da.
Iraia: Gainera beti egon da norbait laguntzeko prest; izan barra txanda egiten, materiala mugitzen, txosna ixten…
Irati: Gure amatxuei ere eskerrak eman beharrean gaude, asko lagundu digute bokatekin.
Jaiak eta Antzinako Azoka pasa dira dagoeneko. Txosnaren zurrunbiloa atzean utzita zeintzuk dira zuen hurrengo urratsak?
Iraia: Kontu guztiak ixten gabiltza orain. Behin hori bukatuta bilera ireki bat deitzea da gure asmoa. Txosna hartu izanak herriko gazteak animatu dituela uste dugu eta jarraipena eman nahi diogu honi. Bilera ireki horretan txosnetan ateratako diru kontuak aurkeztu nahi ditugu, eta horrekin zer egin daitekeen pentsatu.
Alba: Ideiak jaso nahi ditugu, eta herriko gazte guztiak Taupada Gazte Elkartearen parte sentiaraztea.
Jendea erakarri nahi duzue Taupada Gazte Elkartera.
Irati: Bai. Taupada ez gara gu bakarrik. Gu hirurok gaude elkartearen atzean baina txosnaren lizitazioaren eta kudeaketaren prozesuak hori eskatzen zuelako soilik. Edozein ideia eta gazte da ongi etorria. Nahiko genuke ere lokal bat izatea, jendeak nora jo izan dezan. Hori guztia ari gara aztertzen orain.
Alba: Ideia ugari ditugu esku artean. Mendi irteerak antolatu nahi ditugu, besteak beste. Gure kuadrilletan badira mendira asko ateratzen diren lagunak eta prest azaldu dira ibilbideak antolatu eta irteerak gidatzeko. Hori da bilatzen duguna; herriko gazteen inplikazioa.
Artziniegako gazteria batuta dagoela uste duzue?
Alba: Egia da kuadrillakoren batekin ez bada gazteak gauza gutxitan parte hartzera animatzen direla, baina uste dut hori aldatuz doala. Aurtengo jaietan oso giro ona egon da eta jendea asko nahastu da elkarren artean. Horri heldu nahi diogu. Gazte kuadrillak nahastea, eta edozer egiteko dela ere konpainia nahi badu hemen topatu dezakelea jakin dezala.
Iraia: Herri txikia da gurea, eta ez gara gazte asko. Zergatik ez elkartu zurea ez den kuadrilla bateko jendearekin gogoko duzun plan bat egiteko? Udan ez hainbeste baina neguan nabaritzen da jende gutxi geratzen dela herrian. Aukerak eskaini nahi ditugu gazteon aisialdia aberasteko: hitzaldiak, kontzertuak, irteerak…
Irati: Eskaintza oso murritza da Artziniegan, eta horri buelta ematea dagokigu.
Iraia: Niri amorrua ematen dit inguruko herrietara joan behar izatea Artziniegan ezer antolatzen ez dugulako. Inauterietan zergatik ez dugu zerbait prestatzen herrian Laudiora jo beharrean? Gainera Artziniega ez dago oso ondo komunikatuta, autoa ia ezinbestekoa da edonora joateko.
Bada bai ala bai ikasturte honetan antolatu nahi duzuen ekintza zehatzik?
Iraia: Kuadrillen Eguna berreskuratu nahi dugu. Lehen ekainean egiten zen eta berriro antolatzea da gure asmoa.
Alba: Sagardotegira busa ere antolatuko dugu ziur. Iaz arrakasta handia izan zuen, eta jende ugari geratu zen etorri gabe. Gustatuko litzaiguke ere Aiaraldeko beste gazte eragile batzuekin harremanak estutzea.
Iraia: Gazteoi dagokigu orain herria mugitzea. Sinistuta gaude herriko gazteok asko dugula eskaintzeko eta horri bidea ematera dator Taupada Gazte Elkartea.