Klubeko ardurak utziko zenituela iragarri zenuen denboraldi amaieran.
Denbora luze neraman horren inguruan hausnartzen. Aurten 35 denboraldi bete ditut auto barrutik Aiara Txirrindulari Elkartea zuzentzen. Beti izan dut argi nik erabakiko nuela noiz joan, ez nuela halabeharrez alde egin nahi.
Ez da arrazoi zehatzik egon agur esateko. Kontu txiki askoren pilaketa izan da. Nekea, adina eta taldean neramatzan urte guztiak kontuan harturik, erretiratzea onena behar zuela izan ondorioztatu nuen.
“Lehen lerrotik erretiratu eta azken ilaran jarriko naiz, baina jarraituko dut taldean egoten. Bultzatzen jarraituko dut”
Lehenik eta behin familiarekin konpartitu nuen erabakia; gero klubari trasladatu nion denboraldi berria hasi aurretik hartu beharreko neurriak har zitzaten. Irailaren 26an zuzendu nuen nire azken lasterketa kotxe barrutik, Agurainen.
Taldekide guztiei esan diet, ni ez noa inora. Lehen lerrotik erretiratu eta azken ilaran jarriko naiz, baina jarraituko dut taldean egoten. Bultzatzen jarraituko dut. Klubean ondo dakite uneren batean nire laguntza beharrezkoa bada bertan egongo naizela ahal dudan guztia ematen.
Guztira 35 denboraldi eman dituzu zuzendari lanetan, baina Aiara Txirrindulari Elkarteari lotuta denbora gehiago daramazu.
Bai, 45 urte orotara. Alañak antolatzen zituen irteera zikloturistetan parte hartzen hasi nintzen, 13 urte nituela, lagun batek utzi zidan bigarren eskuko bizikleta batekin. Kuadrillatxo bat hasi ginen horrela eta gutako batzuk lasterketetan parte hartzera igaro ginen gero. Bizkleta utzi genuenean Alañak berak animatuko ninduen zuzendari lanetan parte hartzera. 1992. urtean izan zen hori, zerbitzu militarra egiten nengoen ni, eta gazte belaunaldi berri bat gogotsu zetorrela esan zidan. Aurretik taldean lehiatutako hiru lagun elkartu eta gazte horiek laguntzen hasi ginen. Iñaki Isasiren belaunaldia zen belaunaldi hura. Junior kategoriara igaro zirenean gutako batek haiekin egin zuen jauzia, bide horretan laguntzeko. Bi geratu ginen kadete mailako taldearekin, eta handik gutxira ni bakarrik; betiere Alañaren laguntza nekaezinarekin.
Orduan ezin nuen imaginatu hainbeste denbora emango nuenik, baina denboraldiak aurrera zihoazen. Urte gutxiren buruan entrenatzaile, prestatzaile edota elikadura ikastaroak egin nituen, bai eta kirol-zuzendari izatekoak ere. Gauzak ahalik eta hobekien egitea izan da nire asmoa beti. Urte bat bestearen atzetik eta horrela iritsi gara gaur egunera.

Nola oroitzen duzu taldearen gidaritza hartu zenuen garai hura?
Ilusio ikaragarria nuen. Oso urduri jartzen nintzen, gauza askorekin. Denborak bestelako patxada bat ematen dizu, baina oraindik ere urduri jartzen naiz batzuetan. Aurrekoan, Aguraineko lasterketan, 4-5 kilometroren faltan, gure lehen txirrindularia 12. posturako lehian zegola, ez genuen ezer jokoan, eta hala eta guztiz ere urduri jarri nintzen. Uste dut gauzak ongi egin nahi izatearen seinale dela: okerragoa litzake denak bost axola egitea eta urduri ez jartzea. Gazteen ongizatea eta klubaren onura izan ditut beti ipar. Batzuetan asmatzen duzu beste batzuetan ez, baina ahalegindu izan naiz beti.
Oso urte onak izan ziren 1992 eta 1993. urteak. Iñaki Isasik Arabako Itzulia eta Aiarako Bira irabazi zituen, Euskal Selekzioan sartu zen… Isasi bakarrik ez, oso belaunaldi ona izan zen orokorrean, maila altuko gazteak izan genituen: Pablo Oribe, Iker Pikaza… Zure lehenengo urtean lasterketak irabazten dituzten gazteak alboan izatea txute izugarria da.
Gerora ere lortu ditu garaipen esanguratsuak Aiara Txirrindulari elkarteak.
Kirol honetan errazagoa da galtzea irabaztea baino. Galtzeko prest egotea ezinbestekoa da. Aitortu behar da bai, azken urteetan ere klubak gauza asko irabazi dituela, gauza oso onak gainera, baina ez da ohikoa. Ziklokroseko Euskadiko lau txapelketa jarraian irabazi ditugu eta 2023an Espainiako bi txapeldun izan genituen talde berdinean; ez dakit hori beste inoiz gertatu den baina lorpen izugarria da gurea bezalako talde txiki batentzat. Pentsa, Euskal Selekziora bost txirrindulari deitzen dituzte urte bakoitzeko, eta bost horietatik lau dira erlojupeko lasterketan parte hartzeko hautatuak. Ba gure taldeko bi kide urte berean hauatuak izan ziren eta erlojupekoa irabazi zuten.
Handia da hori. Gure txirrindulari guztiak ingurukoak izan dira beti, eskualdekoak. Orain modan jarri dira selekzioak diruditen txirrindulari taldeak, kadete mailan ere, hango eta hemengo gazteak hartzen dituztenak. Hori ez dator bat gure egiteko moduekin.
“Guk Amurrioko eta Laudioko txirrindularitza eskolek egiten duten lan ona jasotzen dugu”
Meritoa bikoitza izango da orduan.
Guk Amurrioko eta Laudioko txirrindularitza eskolek egiten duten lan ona jasotzen dugu. Kantitateak kalitatea dakar. Nik uste Aiaraldeko klub guztien artean harreman oso ona daukagula. Ez da ohikoa hori, badira elkar ikusi ezin duten eta bizilagunak diren klubak, gu rara avis bat gara. Guk gure aletxoa jarri dugu eskualdeko gazteek bere garapenarekin jarrai dezaten. Une honetan 6-8 txirrindulari ditugu amateur kategorian, eta badugu itxaropena baten bat profesional mailan aritu daitekeela. Europako txapelketan Aitor Mitxelena aritu da iragan asteburuan, eta gurekin eman zuen denboratxo bat kadete mailan
Mitxelena eta Isasi aipatu ditugu, baina izan dira maila gorenera iritsi diren beste hainbat Aiara Txirrindulari Elkarteko plantillan?
Jon Larrinaga, Alberto Morrás… Une honetan bi dira profesional mailan ari direnak: Javier Ibañez Caja Rural taldean eta Hodei Muñoz Euskaltel taldean. Oso ondo ari diren bi kirolari.
Oinarri kluba da gurea, ez dugu inoiz helburu izan profesional mailan aritzea, baina egia da egundoko ilusioa egiten duela zurekin egondako gazteak bertan ikusteak.
Oinarri on hori garatzeko, kluben arteko koordinazioa eta eskualdeko ekosistema ezinbesteko izango dira ezta?
Adibdierik garbiena Aiarako Bira da. Datozen parte-hartzaileen hitzetan, gaur egun Espainia mailan dagoen kadete mailako lasterketarik onena da. Datu anekdotikoa da, baina esanguratsua: izen-ematea azaroaren 1ean zabaltzen dugu eta azaroaren 3an itxi behar izaten dugu.
Aiarako Biraz haratago ziklokros probak dauden aldiro gure arteko koordinazioa ere ezinhobea da. Eskualde txikia da gurea eta ezinbestekoa dugu elkarri laguntzea. Geroz eta baldintza eta betebehar gehiago daude gauzak antolatzerako orduan. Hori da kirol-ekintzen antolatzaileok dugun gaitz handiena, burokrazian itoko garela.

Aiarako Bira aipatu duzu eta zuk urte ugari eman dituzu horren antolakuntzan. Garapen handia izan duen hitzordua izan da. Pozgarria izango da atzera begiratu eta lortutako guztia ikustea.
Bai, gainera espero gabe hartu genuen guk lasterketaren antolakuntza. Laudioar Txirrindulari Elkarteak antolatzen zuen lasterketa zen, gainerako klubek lagundu egiten genuen. 2012an, Aiarako Bira hasi baino hilabete t’erdi lehenago lasterketa antolatu ezin zutela esan zigun klub laudioarrak. Nola edo hala aurrera egin behar zuela ondorioztatu genuen eta orduan sartu ginen antolakuntzara. Geroztik hazi eta hazi egin den kirol proba da. 2012an, hiru etapako lasterketa zen, orain sei etapako proba da.
“Hemendik kanpo 'Kadeteen Tourra' bezala ezagutzen dute Aiarako Bira. Uste dut hori oso erreferentzia ona dela”
2016-2017 urteetan eman genuen beste jauzi handi bat. Orain streaming bidez eskaintzen dugu lasterketa. Promozio turistikorako ekimen oso ikusgarria da, kontu gutxitan egongo dira bailarako bost udaletxeak batuta. Balioan jarri behar dugu kluben eta herritarren inplikazioa. Ehun lagun baino gehiago mobilizatzen dira Bira aurrera ateratzeko. Boluntariorik gabe ezinezkoa litzake.
Egon gara klub gisa beste lasterketa askotan: Vuelta Aragón, Vuelta Guijuelo… Bertako antolatzaileek esan digute gure Bira dela maila horretako lasterketarik onena. Hemendik kanpo “Kadeteen Tourra” bezala ezagutzen dute Aiarako Bira. Uste dut hori oso erreferentzia ona dela.
Gaur egun puntako txirrindulari direnak igaro dira Aiarako Biratik; aurtengo Munduko Txapeldun den Benjamin Noval bera.
Hala da bai. Noval duela bi urte egon zen hemen. Arteko Santutegian irabazi zuen, bai eta Amurrioko azken etapan ere bai. Asteburu bakarrerako etorri zelako irabazi zituen bi etapa, sei etapetan parte hartu izan balu berdin berdin irabaziko zituen denak.
Eta badira hemendik pasa diren beste hainbeste: Ivan Romeo, Hugo Muñoz, Sergio Romeo, Arkaitz Duran, Koldo Ruiz de Larrea…
Azken hiru urteetan Emakumeen Aiarako Bira antolatzeari ekin diozue.
Hasieran mutilen data berdinetan egiten saiatu ginen, baina antolakuntza korapilatsua zen. Hori dela eta, emakumezkoen lasterketa esklusiboa egitea erabaki genuen, mutilen lasterketatik jasotako esperientzia guztia bertan bolkatuz. Hiru edizio egin ditugu, oso arrakastatsuak. Mutilen Biran bezala maila oso altuko kirolariak elkartu dira bertan. Hiru edizioak irabazi dituzten neskak gaur egun Espainiako Selekzioan dauden kirolariak dira, tartean Mirari Gotxi amurrioarra.
Aiarako Biraren antolakuntzari ere esango diozu agur?
Bai, ardura nagusi guztiak utziko ditut. Artziniegako Klubean idazkaritzari eutsiko diot solik, baina klub txikia da hori eta laguntza asko jasotzen dut, horrek ez du aparteko lanik ematen.
Edonola ere denek dakite ez noala inora, beti egongo naiz hemen laguntzeko prest. Antolatzaileen esku utzi ditut urte hauetan guztietan egindako kontaktuak, harremanak eta babesletzak…

Egindako lan guztia modu boluntarioan egin duzu.
Nik ez dut honekin dirurik irabazi sekula. Ez dut inoiz gastatu dudanaren konturik egin, bestela disgustoren bat hertuko nuke. Nire afizioa da, ez nau inork behartu. Nire bizitza izan da.
Sakrifizio handia eskatzen du horrek.
Dudan denbora libre guztia eskaini diot honi, horrek dakarren guztiarekin. Emazteak eta semeak nozitu dute hori gehien. Txirrindularitzaz aparte badut nire lana. Askotan lanetik berandu etxeratu eta orduak pasa behar izan ditut ordenagailu aurrean. Azken urteetan Yeray Canterla eta anaia Carlosen laguntza izan dut, baina edonola ere exijentzia maila geroz eta altuagoa da.
Behar bezala aitortua dago oinarrizko kirolean dagoen lan boluntario guztia?
Geroz eta burkorazia gehiago dago. Lan eskerga egin behar dugu diru-laguntza bat lortzeko, hori kobratzeko, lasterketetan izena-emateko… Egun guztia pasatzen duzu dirua eskatzen, badirudi zuretzako dela baina ez da horrela, gaztetxoen alde da.
Gure eskualdean kirolaren kultura guztia lan boluntarioari esker mugitzen da. Traba gehiago jartzen badira, jendea nazkatuz joango da eta geroz eta zailagoa izango da erreleboa ematea. Kuadrillak, Udalek, Diputazioak… figura bat sortu beharko lukete klub desberdinoi tramite burkoratiko amaigabe horietan laguntzeko.
Zenbat gazte egon dira zure ardurapean urte hauetan guztietan?
Duela gutxi jarri nintzen kalkulatzen: 220 gazte inguru izango dira orotara. Gehienak mutilak, neska bakanen bat ere. Denak 14 eta 16 urte bitarteko nerabeak. Garai konplikatuak gazte batentzat. Urte hauetan guztietan denetarik topatu dut. Une zailak bizitzen ari ziren gazteak, ilusio handia eta gaitasun gutxi zuten gazteak, gaitasun asko baina inolako ilusiorik ez zutenak…
Gurea bezalako kategoriek duten puntu konfliktiboena guraso eta senideena da. Nik argi daukat gurasoen asmoa laguntzea dela beti, baina ulertu behar dute talde kirola dela hau, eta ezin dugula haien semearengan jarri arreta guztia. Interesak beti ez dira berdinak.
Nik uste okerrera egin duela gurasoen jarrera: lehen ez genituen ikusi ere egiten, orain ezin ditugu gainetik kendu. Honekin ez dut esan nahi gatazkatsua denik beti harremana, kontrara; talkak hiruzpalau izango ziren 35 urte hauetan guztietan.
Eta zer da gazte horiei irakatsi nahi izan diezuna?
Txirrindularitza bertute asko dituen kirola da: hobetzeko grina, talde-lana, ahalegina, metodologia… Kuriosoa da baina ikasketetan erdipurdi dabiltzan gazteek asko hobetzen dituzte emaitzak, txirrindularitzak egunerokoa antolatzeko jarraibideak eskaintzen dizkielako.
Edozein talde-kirol onuragarria da 14 eta 16 urte bitarteko gazte batentzat. Badira lehenengo egunetik aparteko dohairik erakusten ez dutenak, baina txirrindularitzak bi urtez taldean gozatzeko aukera eskaini badie, zoragarri!

"Txirrindularitza kirol garestia bilakatu da. Orain 15 urteko gazteak 15.000 euroko bizikletekin ikusten dituzu, ez du zentzurik"
Asko aldatu da txirrindularitza 35 urte hauetan? Ziur baietz.
Txirrindulari bat eta bere bizikleta dira oraindik kirol honen oinarria. Izerditu eta sufritu beharra dago. Asko aldatu direnak, ordea, bizikletak dira. Aldaketa guztiak ez dira onak izan. Txirrindularitza kirol garestia bilakatu da; lehen senide baten bizikleta nahikoa zenuen hasteko. Orain 15 urteko gazteak 15.000 euroko bizikletekin ikusten dituzu, ez du zentzurik. Kadete mailan ez da horrelakorik behar. Baina hau ez da bizikleten kontua bakarrik; berdina gertatzen da mugikorrekin, arroparekin… Gure gizarte kontsumistaren adibidea da.
Une zailak egongo ziren urte hauetan guztietan.
Bai, batez ere erorikoak gertatzen zirenean. Zortea izan dugu eta ez dugu istripu oso larririk bizi izan. Baina izan dira une zailak, eta ospitalean bukatu dugu inoiz. Gazte bat bidebazterrean topatzea beti da okerrena.
Eta une goxoak?
Gazte batek lasterketa bat irabazten duenean, orduan gozatzen duzu benetan. Batez ere txirrindulariaren garapena gertutik jarraitu duzunean. Ekhi Uriarteren kasua datorkit burura. Euskadi Fundazioan dago orain Uriarte; gurekin hasi zenean, kadete mailako lehenengo urtean, ez zen lasterketak bukatzeko gai, bigarren urtean hainbat irabazi zituen. Oso mutiko bizkorra da, bere gaitasuna ondo aprobetxatzen jakin zuena. Horrelako egoerak oso pozgarriak dira. Eta meritu guztia eurena da. Hori da zuzendarion lana: lasterketa bat galdu dezakezu baina irabazi sekula ez, irabazi txirrindulariak egiten du.
"Yeray [Canterla] sobera prest dago nire erreleboa hartzeko. Oso mutil inplikatua da"
Yeray Canterlak hartuko du orain Aiara Txirrindularitza Elkartearen gidaritza. Urte asko darama zurekin lanean, esku onetan geratzen da kluba?
Sobera prest dago. Txirrindularitzan nirekin hasi zen mutikoa da Yeray. Lasterketak utzi zituenean laguntzen jarraitu zuen. Oso inplikatua da, eta gazteen ongizatea du beti ipar. Badu gainera nik ez dudan beste zerbait, ni baino askoz gazteagoa dela. Bultzatzeko oso adin ona du. Beti izango du nire laguntza, merezi du gainera. Ziur nago taldeak oso ondo jarraituko duela aurrera.
Zer egingo duzu orain denbora libre honekin guztiarekin?
Orduak ditut faltan egin nahi dudan guztia egiteko. Lanean jarraitu beharko dut baina asteburuak libreago izango ditut orain. Bizikletako gurpilak puztu beharko ditut berriz.
