Herritar talde batek Enartzi komunitate energetikoa sortu du Artziniegan. Momentuz 40 kide inguru dira eta bidelagun gehiagori ere lekua egingo diete, interesdunik egonez gero. Horretarako modu zuzenena udaletxera deitzea da eta eurekin harremanetan jartzea.
Une hauetan eztabaidatzen ari dira zein eredu hautatuko duten ekoiztuko duten energia kudeatzeko, hainbat kooperatiba mota baitaude: batzuk komunitate energetikoen sarearen barruan (Soxon egin duten moduan), beste batzuk euren kabuz (Urduñan kasu) edota Goienerren laguntzarekin, besteak beste.
Energia fotovoltaikoa
Lehen asmoa da azpiegitura fotovoltaikoa instalatzea eta horretarako hizketan ari dira Udalarekin, jakiteko eraikin baten teilatua lagatu ahal dieten horretarako. Jadanik kalkulu eta aurreikuspen batzuk egin dituzte beharrezko inbertsioari eta kontsumoari buruz.
Izan ere, komunitatea egituratzeko fakturen tailerrak egin dituzte eta hainbat herritarri euren kontsumoari buruzko azterketa ere eskaini diete, jakiteko zein ordutan duten kontsumo handiena, ekoizpen fotovoltaikoarekin alderatzeko.
Eredua aldatzea
Edonola ere, Enartziko kideek aipatu dute egitasmoaren helburua ez dela aurreztea, gizarte eredu berria bultzatzea baizik. Horretarako komunitatearen kontzeptua bera jarri nahi dute erdigunean eta ekimen kolektiboak sortzea; izan karga puntuak ezartzeko, tresnak elkarrekin erosteko edo auto elektrikoak modu kolektiboan eskuratu eta baliatzeko.