Oraina doituz, gure etorkizuna proiektatuz lelopean, Artziniegako Udalak herritarren parte-hartzea sustatzeko bi prozesu jarri ditu abian. Batetik, arau subsidiarioak berrikusteko prozesua abiatu du, landa-lurraren erabilerak eta eraikuntza-baldintzak eguneratzeko. Bestetik, Hormazako Plan Berezia lantzen ari da, eremu horretan etxebizitza gehiago eraikitzeko aukera aztertzeko eta udalerriko etxebizitza-eskaintza zabaltzeko.
Landa-lurraren araudia berrikustea
Lehenengo prozesuaren helburua da landa-lurrean zer jarduera, etxebizitza eta eraikuntza baimendu daitezkeen zehaztea eta horretarako bete beharreko baldintzak eguneratzea. Horretarako, hiru ardatzen inguruan jasoko dituzte herritarren ekarpenak.
Lehenik, landa-lurrean jarduera berriak ezartzeko aukerak eta bete beharreko baldintzak aztertuko dituzte. Bigarrenik, etxebizitzak eta bestelako eraikuntzak baimentzeko irizpideak berrikusiko dituzte. Azkenik, landa-nukleoak aztertuko ditutze, zehazteko zer eremu hartzen diren halakotzat eta zer araudi aplikatzen zaien.
Prozesu horren barruan, informazio-saioa egingo dute azaroaren 12an, 18:00etatik 19:00etara, Artziniegako Kultur Etxean. Saioa irekia izango da, eta balioko du aldaketek zer ekarriko duten azaltzeko eta herritarren zalantzak argitzeko.
Datozen asteetan informazio-saioak, aurrez aurreko saioak eta inkesta digitalak antolatu ditu Udalak.
Horrez gain, aurrez aurreko lantegia egingo dute azaroaren 18an, 18:00etatik 20:00etara. Bertan, hiru gaien inguruko ekarpenak bilduko dituzte talde-lanaren bidez. Plazak mugatuak direnez, aldez aurretik eman beharko da izena.
Saio presentzialera joaterik ez dutenek ere izango dute parte hartzeko aukera, Udalak prestatu duen inkesta digitalaren bidez. Hamar minutu inguruko galdetegiaren bidez, herritarrek beren iritzia eman ahal izango dute.
Hormazako Plan Berezia, etxebizitza-eskaintza handitzeko
Bigarren parte-hartze prozesua Hormazako Plan Bereziaren ingurukoa da. Udala eta Eusko Jaurlaritza akordio bat aztertzen ari dira, eremu horretan hasieran aurreikusitakoak baino etxebizitza gehiago eraikitzeko aukera emateko eta, horrela, udalerriko etxebizitza-eskaintza handitzeko.
Proposamenaren arabera, etxebizitza horiek garatu ahal izango lirateke eraikuntzak Udalari kosturik eragin gabe. Udalak lurzorua jarriko luke, eta, aztertzen ari diren akordioaren arabera, eraikinaren eta lursailaren kudeaketa udal-kudeaketatik kanpo geratuko litzateke.
Saio guztiak Artziniegako Kultur Etxean izango dira.
Udalak herritarren ekarpenak jaso nahi ditu, Hormazako eremuaren antolamendua hobetzeko eta bertan gara daitekeen etxebizitza kopurua handitzeko aukerak aztertzeko. Plan Bereziak, gainera, lursailaren antolamendua, sarbideak, kanpoko espazioak eta eraikin berriek ingurunearekin izango duten harremana zehaztu beharko ditu.
Prozesu horri buruzko informazio-saioa azaroaren 4an egingo dute, 18:00etatik 19:00etara, Artziniegako Kultur Etxean. Saio irekian, proposamena eta Eusko Jaurlaritzarekin aztertzen ari diren akordioa azalduko dituzte, eta herritarren zalantzak argituko dituzte.
Era berean, herritar guztiek izango dute inkesta digitala betetzeko aukera, Hormazako eremuaren etorkizunari buruzko iritzia eman dezaten.
Bi prozesu horien bidez, Artziniegako Udalak herritarren parte-hartzea sustatu nahi du udalerriko hirigintza-antolamenduari eta etxebizitza-politikari buruzko erabakietan.