2.000 panpin baino gehiagok osatzen dute Santxotena Museoko Nostalgia baten esnatzea erakusketa. Panpina eta jostailuen bidez XIX. mende amaieratik hasi eta gaurdainoko bidaia proposatzen du bildumak.
Hain zuzen ere, panpinek "gizarte aldaketak islatzeko" duten gaitasuna jarri nahi izan du balioan Teresa Lafraguak. "Urte luzez, hainbat errealitate apenas agertzen ziren jostailuetan, eta desgaitasuna edo ezaugarri fisiko jakin batzuk zituzten pertsonek aurreiritzi eta gizarte-oztopo handiei egin behar izan zieten aurre. Gaur egun, begirada hori aldatzen ari da, eta panpinak ere aldaketa horren lekuko dira", aldarrikatu du museoko zuzendariak.
2021ean egin zuten lehendabizikoz erakusketa, eta Lafraguaren hitzak bildu genituen orduan:
Azaroaren 29ra arte
Erakusketaren IV. edizioa da aurtengoa eta udan inauguratu zuten. Bildumak izandako harrera positiboaren aurrean erakusketa luzatzea erabaki dute Artziniegako Museoko arduradunek, eta azaroaren 29ra arte egongo da ikusgai Nostalgia baten esnatzea erakusketa. Gainera, panpinen erakusketak Xabier Santxotena eskultorearen obrari eskainitako Santxotena Tailer Museoan murgiltzeko aukera ematen du.
"Museoak eskulturara hurbiltzeko beste modu bat proposatzen du: egurrezko obrak ukitu egin daitezke eta, horrela, eskuekin haien formak, bolumenak, testurak eta arrastoak hautemateko aukera dago. Baina esperientzia harago doa. Xabier Santxotenak berak hartzen ditu bisitariak bere tailerretan. Bertan, eskultorearekin zuzenean hitz egiteko, haren lan egiteko modua ezagutzeko eta une horretan sortzen ari den obra bertatik bertara ikusteko aukera dute", nabarmendu du Lafraguak.
Bisita ordutegia
Larunbat eta igandetan bisitatu daiteke Artziniegako Santxotena museoa, ohiko ordutegian. Astelehenetatik ostiraletara, aldiz, hitzartutako bisitei soilik irekiko zaizkie museoko ateak. Gutxienez 10 laguneko taldeak izan behar dute eta 605 717 857 telefonoan kudeatu behar dira hitzorduak. "Proposamen bereziki egokia da elkarte, ikastetxe, kultura-talde, lagun-talde, enpresa edo museoa modu pertsonalago batean ezagutu nahi duten bisitarientzat", azaldu du zuzendariak.