Zerk bultzatu zaitu Otsati mendiko landaredia ikertzera?
Biologoa naiz eta Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Kudeaketa Masterra egin nuen.Txikitatik izan dut botanikarekiko gertutasuna, amama sendabelarrekin aritzen zen eta hurbil sentitu dut beti mundu hori. Biologia ikasi nuen eta geroztik landaredian eta botanikan zentratzen hasi nintzen.
Muskerrak Ingurumen elkarteko Oier Vrizuelaren bidez izan nuen Artziniegan 2016an aurkitutako landare espezie bitxi baten berri: Prunus lusitanica subsp. lusitanica. Loro ezizenaz ezagutzen da gaztelaniaz, Portugalgo erramua euskaraz. Gradu amaierako lana egin behar nuen garai hartan eta nire irakasle bati aurkeztu nion gaia. Nire herrian agertutako landare bat izanik, sakonean ezagutu nahi nuen zein egoeratan zegoen.
Zer du berezia Otsati mendian aurkitutako espezie horrek?
Espezie erreliktuala da P. lusitanica, fosil bizidun bat. Paleogenoan, duela 40 milioi urte inguru gure inguruko klima hezea eta beroa zen, subtropikala. Garaiko landaredia klima horretara egokituta zegoen. Duela 3 milioi urte inguru, Kuaternarioan, glaziazio eta izozte handien garaian, landarediak mugitu behar izan zuen. Ondorioz, klima heze eta epeletara ohitua zegoen landaredia hori oso isolatuta geratu zen, txoko bakanetan. Horiei deritze izaera erreliktualeko espezieak.
Aipatu duzunez, 2016ra arte ez zegoen Artziniegan identifikatua.
Urte horretan baso-bideak zabaldu zituzten Otsati mendian, eta orduan deskubritu zuten Loroa. Burgoseko Mena Haraneko basozainak topatu zituen. Ordura arte Kanpezun zegoen identifikatuta Euskal Autonomia Erkidegoko P. lusitanica populaziorik handiena, 130 alerekin. Nik gradu amaierako lanerako egin nuen ikerketan 217 ale zenbatu nituen Otsatin.
Zer ikertu duzu zuk Otsati mendiko basoetan?
Otsati mendiko dibertsitatea eta basoaren egituraketa ikertu nuen, bai eta P. lusitanicaren erregenerazioa aztertu ere. Duela hamarkada asko Otsati mendia ikaztegi bezala erabiltzen zen. Bertako ustiapena bertan behera geratu ostean landarediak bere tokia hartu du, eta gaur esan dezakegu baso misto heterogeneoa dela bertan aurkitzen dena. Eskakizun ekologikoko landareek egiten dute bat bertan: termofiloak, higrofiloak… Bioaniztasunari dagokionez trantsizio eremu batean dago Aiaraldea, eta, ondorioz, klima atlantikoko eta klima mediterraneoko espezieak nahastuta agertzen dira: Loroa, erkametza, Smilax aspera edo arkasatsa, ezkia… Landaredian erreparatzeak paisaiaren konfigurazioaren berri ematen digu. Baso bat ez da soilik baso bat, baizik eta baso hori integratzen duen oro.
Ikaztegia izateari utzi zionetik Otsatiko erregenerazioa naturala ari da izaten, eta baso masa heterogeneoa ari da garatzen bertan. Horrek baditu bestelako eragin positiboak; aspaldian hemen ikusten ez ziren hegazti espezieak ari dira agertzen Otsatin, okil beltza adibidez.
Loroaren erregenerazioa aztertu duzu ere.
Landare espezifikotasunaren aldetik konprobatu nuen loro-basoa erkameztia baino txiroagoa zela espezie kantitatean, esanguratsua zen emaitza gainera. Loro populazioaren dinamika aztertu nuen ere, eta ale gazteak urriak zirela ikusi nuen. Ugalketa asexuala edo begetatiboa nagusi zela konprobatu nuen ere. Landareen erregenerazioa sexuala, hazien bidez, edo asexuala izan daiteke, landarearen zati batetik abiatuta. Nagusiki erregenerazio asexualak landareen “klonak” sortzen ditu, ez dago birkonbinazio genetikorik. Bi emaitza horiek populazioaren berritzea mugatua egon daitekeela iradokitzen dute, eta, ondorioz, epe luzera haren biziraupena arriskuan egon liteke. Gainera, dibertsitate genetikoa mugatua izateko arriskua dago, baina hori baieztatzeko azterketa genetikoak beharko lirateke.
Zer egoeratan dago espeziea?
Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren zerrenda gorrian agertzen da P. lusitanica, egoera kalteberan dauden espezien artean. Espezie Mehatxatuen EAEko katalogoak ere jasotzen du, galtzeko arriskuan dauden espezien artean.
