Gorobel mendilerroaren magalean barrena txangoa egin zuten Artziniegako gazteek iragan azaroaren 7an. Taupada Gazte Elkarteak antolatuta, 17 kilometroko txangoa prestatu zuten Sopeñako errege bidetik.
Datorren abenduan egingo duten Soxoguti erronkari begira "hankak berotzeko" aitzakiarekin egin zuten larunbateko irteera, eta gazte elkarte sortu berriak antolatzen duen lehenengo ekintzetako bat izan zen.
Igandeetan zineforuma
Mendi ibilaldia ez da Taupada elkarteak hilabete hauetan antolatuko duen ekintza bakarra. Izan ere, igandeetan zinema emanaldiak eskaintzeari ere ekin diote.
Iragan azaroaren 8an egin zuten aurreneko emanaldia eta igande honetan, azaroak 15, zineforuma egingo dute ere. 18:00etan jarri dute hitzordua, Artziniegako Kultur Etxean. Pelikula sorpresa izango dela iragarri dute, baina aurreratu dute euskarazko filma izango dela, gaztelaniazko azpidatziekin. Proiekzioaren ostean ikusitakoaren inguruan eztabaidatuko dute.
Argazkiak: Taupada Gazte Elkartea