Tartean Teatroak bi bakarrizketa eskainiko ditu Artziniegan azaroaren 27an

Garazi Cuadra Alvarez

Bi monologoak LautanHiru jaialdian estreinatu ziren 2023ko otsailean. / Tartean Teatroa

Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreek umorea eta hausnarketa uztartuko dituzte bi antzezlan laburretan. Artziniegako Etnografia Museoan izango dira emanaldiak 19:00etan.

Tartean Teatroak bi bakarrizketa berri aurkeztu ditu ostiralean Etnografia Museoan, ikusleari umorea eta hausnarketa eskaintzeko asmoz:Txizatoki bat Eszenatokian eta Hamalau izeneko lanak. Bi monologoak Bilboko Zazpi Kaleetako LautanHiru jaialdian estreinatu ziren 2023ko otsailean.

Lehenengo monologoa, Txizatoki bat Eszenatokian, Patxo Telleriak idatzi eta berak antzezten du. 35 minutuko iraupena duen lan horretan, artistak artearen eta antzerkiaren kontzeptuak jartzen ditu zalantzan.

Marcel Duchamp artistak duela ehun urte museo batean txizatoki bat erakusgai jarri zueneko gertakaritik abiatuta, antzerkiaren munduari buruzko gogoeta egiten du Telleriak.

Bigarren lana, Hamalau, Lutxo Egiak idatzia da, eta Mikel Martinezek antzezten du. 20 minutuko iraupena duen lan horrek Cafe Bae Bilbao Antzerki Saria jaso zuen 2022an.

Istorioa hamalaugarren solairuko terraza batean kokatzen da. Bertan, notario bat bezero baten zain dago, haren heriotza edo suizidioa egiaztatzeko. Hala ere, bezeroa berandu dabil, eta egoera bitxi horrek kontakizun berezi eta umoretsu bati ematen dio hasiera.

Bi lanek formatu laburra dute, baina hainbat gai eta ikuspegi lantzen dituzte, ikusleengan jakin-mina eta hausnarketa pizteko antzerkiaren bidez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide