faktoria faktoria ekonomatua faktoria5 faktoria kanpoaldea

Aiaraldea Koop. Elk.

Aiaraldea Koop. Elk. logotipoa

Aiaraldea Ekintzen Faktoria Laudioko industrialdean kokatuta dagoen irabazi asmorik gabeko gizarte ekimeneko kooperatiba da. Aiaraldea eskualdeko 525 bazkide erabiltzailek kudeaktzen duten entitate sozial honetan mota guztietako proiektuak garatzen ditugu: 

 

KOMUNIKABIDEA

Aiaraldea Komunikabide Faktoria 2010eko apirilaren 17an sortu zen, euskarazko komunikazioa sustatzeko helburuarekin. Hastapenetatik izan da, komunikabide komunitarioa, euskaratik eta euskaraz, multimedia euskarri anitzetan tokiko informazioa denon eskutik denon eskura jartzeko xedez. Egun, Aiaraldea.eus webgunea, Aiaraldea Hemen hamabostekaria (bi astero 10.000 ale banatzen dira eskualde osoan zehar doan) eta sare sozialak (Instagram, Facebook, Youtube, Twich, Telegram...) ditu martxan hedabideak, besteak beste. Hala ere, bestelako jarduera sozialak ere antolatzen ditu: argazki edo bideo lehiaketak, solasaldi publikoak, elkarrizketa digitalak eta abar.

 

KOMUNIKAZIO AGENTZIA

KOMUNIKA Komunikazio agentzia integrala da. Egungo jendartean ematen diren komunikazio behar, esparru eta molde guztiak arakatzen dituena. Ohikoak diren zerbitzuetatik (aldizkarien erredakzio eta maketazioa edota instituzioetako komunikazio estrategiak, adibidez) publizitate kanpainen sorrera eta kudeaketa edota streaming-etara. Produktu baten jaiotzetik etxe, auzo edo saltokietara iritsi arte. Hala, gure zerbitzuen artean, komunikazioa, diseinu grafikoa, publizitatea, ikus-entzunezkoak, iltzulpengintza eta interpretazioa, sare sozialak eta banaketa daude.

 

HEZKUNTZA  

Askotan esaten da mundua aldatzeko, mundua aldatuko duten pertsonak hezi behar direla, mamia hezkuntza dagoela, alegia. Horretarako sortu zen 2019an Kokoriko Hezkuntza Faktoria. Hezkuntza eta aisialdi eraldatzailea sustatzen du Kokorikok, udalekuak, tailerrak, jardunaldiak, unitate didaktikoak zein haur, nerabe, gazte zein gurasoei zuzendutako bestelako ekimenen bidez. Horretarako berariaz prestatutako jolasgunea eta azpiegiturak aurki ditzazkezu Faktorian.

 

ELIKADURA BURUJABETZA

"Jaten duguna gara" da Elikadura Burujabetzaren ildoaren leloa. Tokiko produktu ekologikoak herritarren eskura jartzea da proiektuaren xedea, eskualdeko ekoizleekin elkarlanean arituz.

TOKIKOA KONTSUMITZEAN, 
> Tokiko ekonomia sustatzen dugu, eta ekoizleek egiten duten lana balioan jarri.
> Elikagaiak freskoagoak dira, erosketak ekoizleen eskuetatik gureetara pasatzen direlako zuzenean.
> Elikagaien bidaiak murriztea ingurumenarekiko jasangarriagoa dena kontsumitzeko era bat da.

EKOLOGIKOA  KONTSUMITZEAN,
> Ekoizpen modu jasangarriak sustatzen ditugu.
> Elikagaien zapore goxoa bermatzen da, kimikorik eta transgenikorik gabeko ereite eta ekoizte prozesua bermatzen delako.
> Osasungarriagoa jaten dugu.

Balioetan oinarritutako kontsumo-prozesuak aintzat hartzen ditu elikadura kate osoan inplikatuta dauden pertsonak eta haien lan egiteko erak. Horrek, aldi berean, eragina du norbanako bakoitzaren ekonomian eta osasunean.

 

KULTURA

Kultur Faktoria komunitatearekin batera josten da, modu kolektiboan, eta muina Aiaraldeko ekosistema entzutearen zaintza da. Egitasmo anitzetarako espazioa, hibridoa eta dinamikoa.

Aiaraldetik, tokikotasunetik, euskaraz eta mugez gaindi, kulturari eta sormenari espazioa eta baliabideak eskaintzeko lan egiten duen ildoa da hau; euskal sorkuntza, transmisioa eta hedapena bultzatu nahi ditugu. 

 

FEMINISMOA

BOR-BOR Aiaraldea euskaraz feminismotik saretu eta ahalduntzeko sortutako Faktoriaren feminismo ildoa da. 2018tik gaur arte ekimen ugari gauzatu ditu: Aiaraldeko emakume* feministen topaketak, eskualdeko emakume* sortzaileen azoka, Aiaraldeko Mugimendu Feministaren historia ikerketa eta argazki erakusketa, solasaldiak...

 

 

Kokapenaren mapa