Aiaraldea Komunikazio Leihoaren marka eta proiektu berritua da Aiaraldea Ekintzen Faktoria. Komunikazioaren eta euskararen esparruan zortzi urtetako ibilbidea egin eta gero, proiektuak helburu eta ildo berriak lantzeko erabakia hartu du; euskaratik eta euskaraz, balio eraldatzaileen arabera egituratuko diren alternatibak bizitzako esparru guztietan sortzeko eta garatzeko erabakia hain zuzen ere.

Euskarari eta euskaldunoi komunitate proiektu integral bat eskaintzeko sortu da Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektua; komunikazioaz gainera, hezkuntza eta aisialdia, feminismoa, ekonomia, elikadura, kultur sorkuntza, berrikuntza sozialak, eta identitate komunitarioa izango dira Faktoriaren ildo sozial berriak, eta hauetan Aiaraldea Komunikabidearen tamainako proiektu berriak sustatuko ditu aurrerantzean.
Bizitzeko Faktoria bat izango gara, euskaraz, elkarrekin eta balio eraldatzaileen arabera Aiaraldea biziberritzeko Faktoria.

  • Euskara
  • Komunikazioa
  • Feminismoa
  • Komunitatea
  • Hezkuntza
  • Elikadura burujabetza
  • Kultur sorkuntza
  • Identitate komunitarioa
  • Ekonomia sozial eraldatzailea
  • Berrikuntza eta garapena
  • Askitasuna

GURE BALIOAK

 

TOKIKOAK Gure lurralde hurbilean -Aiaraldean- bizi gara eta lan egiten dugu, txikitasunetik eta gertutasunetik Euskal Herrian eta munduan gure lekua aldarrikatzen eta eraikitzen dugu.

KOMUNITARIOAK Bere buruaren jabe diren eta garatzen diren jendarteetan sinisten dugu. Horretarako elkarlana eta lan-kooperatiboaren alde egiten dugu, nortasun eta premia indibidualak komunitate kolektiboen parte direla uste dugulako.

ERALDATZAILEAK Justizia sozialean, parekidetasunean, kultur eta identitate aniztasunean, garapen jasangarrian eta ekonomia sozial eraldatzailean oinarritutako jendarte-eredu berri baten alde lan egiten dugu.

ERAIKITZAILEAK Aiaraldeko jendartearen premia komunitarioei erantzungo dioten ekimenak eta proiektuak sustatu eta eraikitzea da gure xedea. Gustuko ez ditugun errealitateak ukatzetik harago egin, eta norbanakoak era kolektibo eta bizigarri batean asebeteko dituzten errealitate berriak
eraikitzen ditugu.

LIBREAK
Gure hausnarketa, erabaki eta ekimenetan libreak gara. Dependentzia ekonomiko eta politikoetatik ihes egin, eta amesten dugun jendartearen kasuan bezala, gure buruaren jabe gara.

 

KOMUNIKAZIOA

HEDABIDE EUSKALDUN, INDEPENDENTE ETA HERRIKOIEN ALDE

Herritar askoren borondatezko lan eta ekarpen ekonomikoari esker jaio zen Aiaraldea Hedabidea 2010. urtean.
Gure helburu nagusia euskarari ahal beste tresna ematea izan da urte guzti hauetan; eskualde osoan gure hizkuntzak bizitzeko eta garatzeko baliabide gehiago izan ditzan.
8 urte hauetan, webgune soil bat zena hazi egin da, eta hedabide gehiago etorri dira atzetik, garrantzitsuena hamabostean behin eskualde osoan eta doan banatzen dugun Aiaraldea Hemen hamabostekaria.
Euskaraz ekoizten diren hedabide gehienak bezala, oraindik ere dirulaguntzak behar ditugu aurrera egiteko, baina batez ere, behar duguna da herritarren sustengua, babes soziala, eta nola ez, ekonomikoa.
Euskarazko komunikabide sendoak, herritarrak eta independenteak nahi ditugu, eta horretarako berme onena herritarrek finantzatutako komunikabidea izatea da, dependentzia bakarra komunikabidearen jabe diren ehunka herritarrekikoa izan dadin.

EUSKARA

AIARALDEA EUSKARAREN LURRALDEA IZATEKO

Euskara dugu arnas, eta amets. Orain arteko urteetan bezala, Aiaraldea euskaldun baten alde oraindik eta gehiago lan egin nahi dugu, etorkizunean ere, dela Euskalgintza Kontseilua bezalako proiektuak sustatzen, dela euskaraz bizi ahal izateko ahal beste tresna eskainiz herritarrei..
Euskarak behar du bizigarri izan, erakargarri izan, eta batez ere, behar du eguneroko bizitzaren parte bihurtu.

FEMINISMOA

LURRALDE FEMINISTA ETA PAREKIDEA GORPUZTEKO

Emakumeak zapaltzen eta baztertzen dituen jendarte eredua errotik aldatu nahi dugu, horregatik Aiaraldea Ekintzen Faktoria entitate feminista bat da. Gure eguneroko praktiketan bezala, jendartean ere mugimendu feministako eragile eta norbanakoekin batera eragiteko hautua egin dugu, elkarlan eta sare horiek sustatuz,  Aiaraldea feminista bat erdiesteko. 

EGOITZA SOZIALA

EUSKARAZ BIZI ETA GARATZEKO FAKTORIA ERAIKITZEKO

Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituaren garapenerako, baliabide berria izango da Laudioko industrialdean kokatutako FAKTORIA egoitza soziala.
Komunitate proiektua eskualde osoan garatzeko tresna integrala izango da Faktoria, ildo eta zerbitzu berrien aterpe eta epizentro.
Euskararen eskualdeko etxea izango da Faktoria. 750 metro koadroko espazioa aterpetuko du bi solairutan. eta kooperatibaren ildo sozial guztiek euren isla izango duten arren, hasieran lau jarduerek hartu dute zentralitatea; komunikabidearen jarduera publikoak, kultur oholtzak, haur eta gurasoentzako hezkuntza guneak eta elikadura burujabetza lantzeko ekonomatuak.
Proiektu handinahia da dudarik gabe, euskarak gurean behar duen tamainakoa. Baina kasu honetan ere, Behark arkitektura estudioak atondutako proiektu ederra errealitate bihurtzeko inbertsio ekonomiko handia egin behar dugu obra-lanetan.
Bazkidetza berriak behar ditugu, amets bizigarri hau lehen bait lehen egikaritu dadin.

  • 750 METRO KARRATUKO ESPAZIOA
  • KULTUR SORKUNTZARAKO OHOLTZA
  • IKUS-ENTZUNEZKOEN ESTUDIOA
  • BULEGOAK
  • BILERA GELAK
  • SUKALDEA
  • JANTOKIA
  • TABERNA 
  • EKITALDI TXIKIETARAKO ANTZOKIA
  • HAURRENTZAKO JOLAS ETA HAZKUNTZA GUNEA
  • ELIKAGAIEN-EKONOMATUA
  • KAMERINOAK
  • KOMUNAK ETA DUTXA
  • BILTEGIAK
  • PLAZA PUBLIKOA
  • KANPOKO ATSEDEN-GUNEAK
  • AZPIEGITURA MATERIALAK

 

HEZKUNTZA

HEZKUNTZA ETA AISIALDI EREDU ERALDATZAILE ETA EUSKALDUNAK GARATZEKO
Hezkuntza,da proiektu berritu honen zutabeetako bat; eskualdeko haur eta nerabeak balio eraldatzaileetan eta euskaraz heztea lehentasuna izango da Aiaraldea Ekintzen Faktoriarentzat.
Horretarako, proiektu sozialaren garapen eta hedapenaz gainera, hezkuntza eta aisialdi zerbitzuak ere eskainiko ditugu; udalekuak, eskolaz kanpoko ekintzak, jolas eta hazkuntzarako espazioak, unitate didaktikoak, haur eta gazteen parte-hartze prozesuak... Horrenbeste da egiteko duguna!
Erreferentzia berri eta eraldatzaileak proposatu nahi ditugu hezkuntza formalaren zein ez formalaren eremuetan, eta jendarteari bezala, Kooperatibako bazkideei hauetan parte hartzeko onurak eskaini.

EKONOMIA SOZIAL ERALDATZAILEA

BESTELAKO BIZITZA EREDUAK INDARTZEKO

Bada garaia ekonomia eta lana pertsonen zerbitzura jartzeko, pertsonak erdigunean jartzekoa, eta ez alderantziz, 

Zentzu horretan bestelako ekonomia eredu eta harremanak sustatuko ditu Aiaraldea Ekintzen Faktoriak. Gure inguruan badira norabide horretan alternatiba ekonomikoak eskaintzen dituzten hainbat proiektu sozial; Goiener energiaren esparruan, Izarkom telekomunikazio zerbitzuetan, Koop57 eta Fiare finantzen arloan...

ELIKADURA BURUJABETZA

Elikadura burujabetza izango da Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren lan-ildo berrietako bat. Jaten duguna gara, eta gure eguneroko kontsumoak gure osasunean duen eraginaz gainera, gure inguru hurbilean eta ekonomian ere eragina dute. 

Elikadura kontsumo berri bat proposatu eta landu nahi dugu, eta euskaratik egin nahi dugu, tokiko ekoizleak, elikagai ekologikoak, lehenengo sektorearen sustapena, agroekologia, kontsumitzaile eta ekoizleen arteko harreman sareak, nekazaritza eta abeltzaintza instalazio berriak, eskola-jantokiak...

KULTURA

SORKUNTZARI ATE ETA LEIHO BERRIAK IREKITZEKO

Eskualdeko plaza publikoan kulturak behar duen lekua izatea aldarrikatzen dugu, komunitateen garapenerako  ezinbesteko osagai delako. Kultur sorkuntza berriak sustatu, euskarazko kultur eskaintza biderkatu, sortzaile berriei lagundu eta azpiegiturak eskaini, ekitaldi herrikoiak bultzatu, beste kulturekiko hartu-emanak ahalbidetu... Asko dira Aiaraldea Ekintzen Faktoriak garatu nahi dituen proiektuak, eta Faktoria ere horretarako tresna eraginkorra izango da.

IDENTITATE KOMUNITARIOA

Gaur artean, lurralde kohesioa sustatu dugu, eta banaketa administratibo eta politikoen gainetik bere harremanak modu naturalean garatzen dituzten herriek Aiaraldea eskualdea gorpuztu dute. Lurraldeaz gainera, komunitate pertenentzia beste bi aldagai nagusiren aterpean egituratu nahi dugu, euskara eta balio eraldatzaileak. Osatu eta handitu nahi dugun komunitate horren ikur izango dira era berean  kultura, genero, sexu eta arraza aniztasuna.

 

BERRIKUNTZA ETA ASKITASUNA

HERRI MUGIMENDUAREN ASKITASUNA ETA BERRIKUNTZA SOZIALAK SUSTATZEKO

Teknologiaren esparruan bezala, eremu sozialean eta herrigintzan ere berrikuntza ezinbesteko baldintza da aurrera egin nahi bada. Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren oinarrietako bat herri mugimendua eta ehun soziala dira, Bere burua antolatu eta garatzen duten jendarte ereduetan sinisten dugu, eta norabide horretan gure eta bestelako eragileen askitasunean eta autonomian sakontzeko lan egingo dugu, bai eta berrikuntza sozialak sustatzeko ere.
Zentzu horretan Kooperatibak ahal beste baliabide izan eta hauek partekatzeko apustua egin nahi du.