Bertsoa ez da farmazietan saltzen, baina botika bat da: kantatzeak edozein min arintzen du, eta norbere balore eta defentsak indartzen ditu. Pozik bizitzeko medikuak eman ezin duen errezeta da. Edonorentzakoa, pizgarria eta arriskurik gabea. Hori bai, kontuz, ohartzerako birusak harrapatzen bazaitu makina bat bertso txapelketa eta herri ezagutuko dituzu eta. Aurten, gainera, Bertsotruk egitasmoaren baitan Aiaraldeko, Ipar Euskal Herriko eta Leitzako bertso eskolak eskualdea doinu librez koloreztatzera gatoz, hiru taldeen artean hainbat topaketa eta ekitaldi antolatuko baititugu eskualdean, Nafarroan eta Iparraldean.
Ez. Ez pentsatu bitan, bertsoa bat-batekoa da eta; gorde lotsak etxean eta Arabako Bertsozale Elkarteak plazaratutako kanpainak dioen bezala "Bertxoratu gurekin!". Aiaraldeko ikastetxeetako haur guztiek badakite zein ederra den euskaraz eta kantuan jolastuz gozatzea, hezigune guztietan lantzen baita bertsolaritza eskola orduetan. Aisialdian bertsoaz gozatu nahi duenak ere izango du horretarako aukera AIEBEn (Aiaraldea Eskualdeko Bertso Eskola) behintzat. Arabako Bertsozale Elkarteak matrikulazio kanpainan bota bezala "Bertxoratu gurekin!". Gai-jartzaile, bertsolari, bertsopoteoetako trikitilari, epaile edo zale guztientzako dugu lekua ! Animatuz gero idatzi emaila araba@bertsozale.eus helbidera! Hau hasi baino ez da egin...
Egilea: Aiaraldeko Bertso Eskola (Aiaraldea Egunkarira bidalitako gutuna)