Azken asteetako Trending Topic-etako bat udal ludotekaren itxiera dugu. Herriko familia ugarik haien seme-alabentzako gune epel bat eskatzen ari direlako. Ni haien nago horien artean, aitatasunak kolektibo honen partaide bilakatu ninduenetik. Duela 3 urte pasatxo suertatu zen hori, eta ordutik hona ikusten ari naiz ume izatearen zailtasunak.
Gaur egungo gizarteak familien bizimodua kaltetzen du, eta bereziki umeena. Jaio bezain pronto koxkortu nahi ditugu altzoan hartu gabe, ez daitezen mainatsu bihurtu, mila trikimailu erabiltzen ditugu haiek bakarrik lo egin dezaten, aulkitxoetan garraiatzen ditugu haien negarrei kasu handirik egin gabe... Ume neurotikoen hazitegia da egungo gizartea.
Amatasun eta aitatasun bajak berehala bukatzen dira. Beste une kritiko bat gure txikitxoentzat. Euren bizitza osoan erreferente izan diren horiek bistaz galdu behar izateak dakarkien antsietatearekin lehiatu behar izatea. Negarrak, oihuak, oka egiteak... edozein modutan atera behar dute haien egonezina. Guk, aldiz, urrunetik “pa” bat bidali eta berehala itzuliko garela esaten diegu, jardunaldi oso bat izango bada ere.
Zorionez, eskolatik atera eta guraso batzuk haiei eskaini nahi diegu daukagun denbora libre bakarra. Ahalik eta denbora luzeenean hurbil senti gaitzaten. Denok elkarrekin disfrutatu. Horretarako txoko epel bat baino ez da behar, non familia harremanak sendotu, gurasoen arteko terapiak egin, umeen erlazioak garatu, gaixotasunak kutsatu... egin daitezkeen.
Urrats ñimiño bat egitea baino ez da udalerriarentzat baina, neguari begira, luxu bat familientzat. Eman diezaiegun belaunaldi berriei merezi dutena.