Azkenaldian askotan ikusi ahal izan ditugu enpresa handiak zenbait argudio erabiltzen lan-baldintzak okertu edo lantegia ixteko. Esaten dutenaren arabera, ez direlako erretagarriak. GEZURRA. Arazoa da ez dutela onartzen langileentzat baldintza duin batzuk mantentzen dituen ekoizpen sistema bat, ez dutela onartzen ezerk oztopatzea euren mozkinak kosta ala kosta maximizatzeko helburua, langile plantilla nahierara erabiliaz eta inolako opozisiorik gabe.
Energiaren kostuaren, Txinaren konpententziaren edota petroleoaren prezio baxuaren argudioak arrazoi generikoak dira, Euskal Herriko edozein enpresak erabili ditzakeenak. Aiaraldean Tubos Reunidosek Enplegua Erregulatzeko Espedientea aurkezteko erabilitako argudioa berdin-berdin erabili dezake Tubacex-ek, bi enpresek baitituzte proiektuak martxan eskualdetik kanpo, Tubos Reunidosek Gasteizen eta Tubacex-ek Kantabrian. Hori da mezua: ez baldin badute nahi dutena lortzen edozein aitzakia erabili dezakete lantegiaren itxiera, beste leku batera joatea edo beste baldintza batzuk dituzten enpresen sorrera justifikatzeko.
Arcelorren Sestao eta Zumarragako lantegiak itxita, Basauriko Gerdau salgai, Nervacero errentagarria ez denaren mehatxupean, Tubos suspentzio espedientearekin eta gainontzekoak... esperoan? Hego Euskal Herrian jokoan dagoena ez da enpresa zehatz batzuen etorkizuna. Hemen jokoan dagoena gure ekoizpen sistema da, eta beharrezkoa da botere publikoei eta instituzioei sistema horren biziraupena bermatzeko eskatzea. Enpresen zuzendaritzei ardurak exijitzean oinarrituko den sistema bat, gure herriaren etorkizunarekin konprometitutakoa eta lan harremanak negoziazioan oinarrituko dituena, ez legeri baten inpozisioan.