Datorren larunbatean, Korrontzirekin batera arituko da Aiara Dantza Taldea Amurrio antzokian. “Korrontzi dantzan” proiektu berriarekin, dantzari profesionalen koreografiak erakutsi eta haiekin batera aritzeko aukera eskaini die musika taldeak dantza talde ezberdinei.
Abenduan hasi zituzten entsegu lanak Aiara Dantza Taldeko 22 dantzarik Izaskun Iturri irakaslearen gidaritzapean, eta astero 6 orduz batu dira, dantzaldia ahalik eta onen prestatzeko. Amurrioko dantzariez gain, haiekin batera, Korrontziren kontzertuetan aritu ohi diren Oinkari Dantza Taldeko zenbait dantzarik eta Leturia panderojoleak ere parte hartuko dute ikuskizunean.
Amurrioz gain, besteak beste, Atarrabian, Tafallan, Leitzan, Legazpin, Ataunen eta Mungian ere joko dituzte kontzertuak Korrontzikoek.
Amurrioko dantzaldia Otsailaren 27an izango da, 20:00etan Amurrio Antzokian, baina sarrerak, salgai jarri eta lehenengo astean agortu ziren.
Korrontzi
2004ean Mungian sortutako folk taldea da Korrontzi. Agus Barandiaran trikitilariak osatu zuen, eta antzinako doinuetan babestutako Euskal Herriko folk musikari gaurkotasuna erantsi dio, baina beti trikitiaren esparrua oinarri hartuta.
Otsailean gainera, "World Music Charts" folk zerrenda preziatuak munduko 20 diskorik onenen artean jarri du Amurriora dakarren ikuskizunaren diska (Korrontzi Dantzan).
Hemen duzue ikuskizunaren harira grabatutako bideoklipa: