Zer da niretzako ikastola?
Sentimendu bat, kultura, hizkuntza eta lurraldetasunarekin lotzen nauena, baina ez hori bakarrik. Ikastola ere badira Minerva, Josuneren ahots gabeko hizketaldiak, Josetxo eta Joseanen txirula orduak, Eliren gazteko eztabaidak eta epaiketak, Zipristin eta Saioka liburuak, Marijeren frontoiari bueltak, Maiteren tutoretza saioak borobilean, Emilianoren N+++ (Nahiko plus plus plus), Ramonen “Eguzkia, ilargia eta eguzki sistema”, Maiteren 100 puntuetako azterketak, Paguren abesti orriak, liburu txuria eta minutu bat kalera, Anaren eta Teresaren esaldi amaitezinen morfosintaxia, Nereren Bernarda Alba, Don Quijote irakurketa liburuak... Lourdesen profesionaltasuna eta zuzentasuna, Cesarren omega eta alfa zuzenak, Ibonen kirolen jakintasuna, Luisjaren Platonen kobazuloa eta Kant-en premisak, Arantzaren alaitasuna, Irmaren kalkulu matematikoak, Karmenen san jakoboak eta barazki purea ogitxoekin, Ani, Resu, Bego, Amaia... eta guztion gidaritzapean Iñaki eta Juan Mari, ikastolaren pedagogia eta armonia zuzentasunez mantentzen zutenak.
Kromoak eta asteko egunak eskaileretan, “barra kolunpioa”, metalezko bola, saskibaloiko bi baloiekin aritzen ginen jolasean, zelai errea, frontoia egun euritsuetan, psikomogidura orduak, latoizko bandejak eta edalontziak, sugandilen harrapaketa, pinuditik etxerako bidea hartzea, beisbol partidak, piszinako igeriketa ikastaroak, barnetegiak, Lizarrakoekin elkartrukea, eski egonaldiak, Mallorca, Paris edo Amsterdamera ikasbidaiak... eta lagunak, asko, bizitza osoko lagunak.
Sarritan galdetzen didate zer dela eta nire hainbesteko inplikazioa ikastolan. Nire gurasoen genetikak eta haiengandik jasotako heziketak duen garrantzia ukaezina da, baina Ikastolak nire izateko moduan eta nire baloreetan duen garrantzia ere azpimarratzekoa da. Ikastolako sortzaileak eta nire hezkuntza prozesuan bidelagun zuzen eta zeharkakoak izan ziren profesionalak eskertzeko modua ere bada, beraiek sortutako proiektuaren biziraupena bermatzeko ahalegina egitea zor diet.
Baina ez gara gutxi ikastolaren proiektuan sinisten dugunok, bi urte hauetan, iazko Araba Euskaraz ekimenarekin eta aurten 50 urteurrenarekin, agerian geratu da bagaudela proiektu honen ardura eta jarraikortasuna emateko ahalegina egiten ari garen eta egingo dugun asko: Amets, Aitor, Jon, Irati, Jone, Ruben, Izaskun, Iratxe, Endika, Onintze, Aroa, Nagore, Arantza, Olaia, Saioa, Ixone, Iban, Jone, Miren, Andoni, Izaskun, Irune, Lorena, Itziar, Aaron, Emiliano, Monika, Iñigo, Ibon, Igor, Ziortza, Luisja...
Ez dut iritzi artikulu hau bukatu nahi euskararen egoerari erreparatu gabe. Duela gutxi, Ramon Saizarbitoriak bere azken eleberriaren aurkezpenean, euskararekiko duen kezka agerian utzi zuen hainbat baieztapenekin, besteak beste, “euskara jada ez dela euskaldun egiten gaituena, askorentzat oposaketetan puntuak ematen dituen ikasi beharreko hizkuntza da” esan zuen. Baliteke neurri batean arrazoia izatea, agian oraindik ez dugu erabat lortu Euskal Herriko herri, hiri, auzo, baso, parke, zelai, mendi, laku, hondartza… guztietan euskara hedatzea, euskara ahoz-aho garraiatzea; baina jakin, gurea bezalako ikastola bizirik mantentzen den bitartean asko garela erronka hori lortzeko gure ekarpena eta ahalegina egiten jarraituko dugunok.