Gaur, urriaren 12an Estatu espainolak, berriz ere, beraien eguna ospatzera behartu nahi digu, baina euskaldunok ez dugu zer ospatzerik, argi dugu, aberri bat eta bakarra dugula, Euskadi. Españolak Ameriketako kolonizazioa eta bertan egin zuten genozidioaren hasiera ospatzen dute, horrela dira espainolak, benetan lotsa ematen duen historiaren pasarte bat goraipatzen dute.
Gaur egun gauzak ez dira hainbeste aldatu, garai hartako zapalkuntzaren nostalgian bizi dira oraindik. Ez dira gai gure herriaren borondatea errespetatzeko, baraien nortasuna inposatu nahi digute eta horretarako beraien polizia ere jasan behar dugu, horregatik aski dela esan nahi diegu.
Horregatik ekimen beharrezko bat jarri dugu martxan. Change.org plataforman sinadura bilketa bat ireki dugu; Guardia Zibilak eta Espainiako Polizia Nazionalak Euskaditik ospa egin behar dutelako.
Sinadurak Espainiako Parlamentuko Kamarara bidaliko ditugu herri honen borondatea presente izan dezaten.
Honako hau da aldarrikatu nahi duguna:
Guardia Zibilak eta Espainiako Polizia Nazionalak ez gaituzte ordezkatzen, eta segurtasuna eman are gutxiago. Euskaditik joan daitezen eskatzen dugu.
Urteetan zehar, Espainiako Gobernuak Estatuko indarren beharra ETAren ekintzen ondorio gisa argudiatzen zuen; zorionez, garai horiek iragana dira eta normaltasun egoera batera bueltatzea ezinbestekoa da bizikidetzan aurrerapausoak eman nahi badira. Izan ere, gure Estatutuak dioenez, gure polizia bakarra Ertzaintza da, gizarte osoaren babes eta segurtasunera bikainki bideratua dagoena. ETAren indarkeriarik gabe euskal gizarteak normaltasunerako bide berri bati ekin dio, gizarteak bere osotasunean aurrera egin dezan guztiok gure berezko posizioetatik mugitu beharko garen bide bati alegia. Horregatik, Guardia Zibilaren eta Espainiako Polizia Nazionalaren egoteak ez du hankarik ez bururik, areago, elkarbizitzarako traba hutsa baino ez dira. Euskal herritarrok ez ordezkatzeaz gain, Ertzaintzak burutu ez dezakeen deusik ere ez baitute egiterik.
Esandako guztiaren ondoren, Guardia Zibilak eta Espainiako Polizia Nazionalak bizkortasunez gure herria uztearekin batean, Ertzaintzari orain artean ebatsitako eskumen oro ematea eta kuartel guztiak betiko ixtea eskatzen dugu.