Aiaraldeko ikasleok #M17Altxa!

Erabiltzailearen aurpegia Aiarako Ikasle Abertzaleak 2016ko mar. 14a, 16:46

Apurtzeko eraiki, eraikitzeko apurtu. Aldarrikapen honekin hasi genuen ikasturtea ikasle iraultzaileok. Izan ere, Euskal Herri Langilearen, zapalduon eta gure askapenaren mesedera egongo den hezkuntza eredua eraiki ahal izateko ezinbestekoa dugu LOMCE, EU2015, 3+2 edota frantziar gobernuak Ipar Euskal Herriko eskoletan inposatzen duen eredu arrotza apurtu eta indargabe uztea. Ez hori bakarrik, egungo hezkuntza eredua ere apurtzea beharrezkoa da: nazio bezala ukatzen gaituena, guztiok euskalduntzeko balio ez duena, genero dikotomikoetan hezi eta gure arteko botere harremanak normalizatzen dituena, herri jakintzak barnebiltzen ez dituena, gure auzo, herri, eskualde... etako arazoei soluzioak planteatu eta eraldaketak sortzeko balio ez duena, eta finean akritikotasuna eta memorizazioa ardatz nagusi bezala planteatuz, lan merkaturako hezten gaituena. Baina era berean, gure hezigunetan ezarria dagoen hezkuntza sistema iraganaren parte bihurtu ahal izateko ezinbestekoa zaigu herritik eta herriaren mesedera dauden alternatibak eraiki eta gaurtik martxan jartzea. Behar hau inoiz baino handiagoa da. Alde batetik, ikastetxeetan erreformen aurrean hezkuntza komunitateak argi adierazi du Euskal Herriak bere hezkuntza propioa behar duela. Guk, ikasleok, behar dugun hezkuntza ereduaren eraikuntza eta aldarrikapenean aurrera pausoak eman behar ditugu, hezkuntzan egiten diren aldaketak behingoz herriaren mesederakoak izan daitezen.

 

Bestetik, unibertsitateetan lege orokorrak ez diren beste mekanismo ugariren bidez hezkuntzaren pribatizazio eta merkantilizaziorako norabidean doazen aldaketak bultzatzen ari dira. Datorren urtean ezartzen saiatuko diren 3+2-a norabide berean kokatzen den egiturazko aldaketa garrantzitsua izango da, eta prest egon beharko gara saiakera horiek apurtzea lortzeko. 3+2 eta EU2015-aren bidez ezarri nahi duten unibertsitate ereduarekin apurtzeko ereduen talkan oinarritzen diren proiektuak eraiki behar ditugu, ikasleon antolakuntzarako espazio gero eta ugariago eta sendoagoak eraiki, eta euskaraz zein ikas baldintza duinetan ikasteko eskubideak bermatzeko baldintzak sortu behar ditugu.

Ezin dugu gehiago itxaron! Ezingo dugu boteretik inoiz heltzen ez den borondate aldaketaren zain egon! Ikasleok, guk, eraldaketaren lehenengo lerrora jauzi egin behar dugu. Hurrengo aste eta hilabeteetan ikastetxeetan kontzientziazio, formakuntza eta antolakuntza asanbladak egin behar ditugu. Unibertsitateetan prozesu parte-hartzailearen ondorioak hartu eta minimoak lortzeko borrokak finkatu behar ditugu. Ikastetxeetan otsailean zehar progresiboki gorakorrak diren ekimenak egin behar ditugu, normaldutako zapalkuntza egoera ikusarazi eta gure eredu propioaren esperientzia autogestionatuak martxan jartzeko baldintzak sortzeko. Unibertsitateetan gure apunteak, lanak, baliabideak... kolektibizatu behar ditugu, azterketen eta indibidualismo derrigortuaren aurrean, ikasleok kolektiboki elkarri lagundu eta denok batera sufritu behar dugun egoerari aurre egiteko.

Gure garaia da, ikasleriaren garaia! Erakutsi diezaiegun behingoz irakasle, guraso eta herritar guztiei ez garela infantilizatuak eta zigortuak izateko jaioak izan diren pertsonak. Erakutsi dezagun, autogestioa eta desobedientziaren bidez martxoan zehar Herri Eskolak aurrera eramateko gai garela, gure behar eta interesei erantzuten dieten jakintzak elkarbanatuz. Erakutsi diezaiogun Euskal Herriari beste unibertsitate eredu bat eraikitzea posiblea dela, eta gertatzen ari dela otsailean Gasteizen, martxoan Ibaetan, Bilbon zein Leioan , eta apirilean NUP-en eraikiko ditugun Herri Unibertsitateen bidez!

 

Igo dezagun intentsitatea eta eman ditzagun aurrerapausoak heziguneetatik klase, genero eta nazio zapalkuntzetatik askatzeko bidean. Zatiketa dikotomikoen garaian, demostratu dezagun apurtzea eta eraikitzea ez direla kontraesankor edota bateraezinak. Erakutsi dezagun ikasleok apurtzen dugunean errealitate berri bat eraikitzen ari garela! Erakutsi dezagun ikasleok eraikitzen dugunari esker egungo hezkuntza eredu grisean zirrikituak zabaltzen ditugula!

Eta altxa gaitezen denok, elkarrekin, borroka duin bezain esperantzagarri honetan, amaieraraino heltzeko prest gaudela ozen esateko! Elkartu ditzagun gure borroka, proiektu, asanblada, talde, ilusio eta indar guztiak martxoaren 17an elkarri helduta aurrera pausu bat emateko! Herriaren mesedera ez dagoen aldaketarik ezartzea utziko ez dugula esateko!

Altxa gaitezen gure ikastetxe eta unibertsitateetan! Altxa gaitezen egunero elkarren laguntzaz erreforma inposatuak apurtzeko! Altxa gaitezen egunero askeago egingo gaituzten proiektuak elkarrekin eraikitzeko! Antolatu gaitezen eta altxa dezagun Euskal Herria, Euskal Eskola Nazionala irabazteko! Ikasleok kolektiboki, apurtzeko eraiki, eraikitzeko apurtu.

Hezkuntza herritik eta herriarentzat! Ordua heldu da! Martxoak 17, altxa!

MARTXOAK 17 · 12:00 · MANIFESTAZIOA · LAMUZA PLAZA

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide