Erreformei planto... ERAIKUNTZARA SALTO!

Otsailaren 26an mobilizazio eguna deitu dugu Ikasle ta Abertzaleok Hego Euskal Herrian. LOMCE, Heziberri edota EU2015 bezalako erreformei hortzak erakutsi eta gure ezezkorik borobilena lau haizeetara zabaltzera goaz. Euskal Eskola Nazionalaren bidean hezkuntza herritik eta herriarentzat beharrezkoa dugu. LOMCE desobedituko dugu! Guk EUSKAL ESKOLA NAZIONALA!

Aiaraldean ere  mobilizazioa deitu dugu: Otsailak 26, osteguna, 12:00etan eskualdeko MANIFESTAZIOA Laudioko Lamuza Plazatik!

Irakurketa:

Elite ekonomiko eta politikoek klaseko aulkietara lotuta nahi gaituzte, gure inguruan gertatzen ari denaren aurrean pasibo, akritiko eta sumiso. Gehiengo herritarraren txirotzean, zapalketan eta desjabetzean oinarritzen den kapitalismo heteropatriarkala ez da krisian sartu, kapital metaketa areagotu egin nahi du, besterik ez. Urteetan ikusi dugun bezala, hezkuntza ezinbesteko tresna da, edozein gizarte ereduren eraikuntzan, eta kasu honetan herri langilearen desjabetzean sakondu ahal izateko, ikasleak merkantzia bilakatu nahi gaituzte. Kapitalaren laborategietan diseinaturiko bidea inposatu nahi digute, non hezkuntzaren merkantilizazioa eta botere hegemonikoaren mesederako adoktrinamendu ideologikoa helburu duten.

Zein da bide hori? Espainiar estatuko hezkuntza ertainean LOMCE eta Europar Batasuneko unibertsitateetan EU2015 erreformen bidez garatzen ari direna. Eta horren arduradunak kapital metaketaren aldeko apustu politikoa egiten duten alderdi eta instituzioak dira; Europar Batasuna, PP, UPN eta PNV dira, besteak beste.

Nahiz eta modu mailakatu batean izan, LOMCE eta EU2015 inposatzen hasi dira dagoeneko. Aurreko astean bertan, Bolognari jarraitu dion EU2015aren 3+2a onartu zuten dekretuz, graduak 3 urtetara jaitsiz eta masterrak 2 urte izatera igoz. Ikasleabertzaleak.org web orrian informazio gehiago aurkitu dezakezue. Aplikazioa unibertsitateen esku geratzen denaren mezuarekin, ikasleon erantzuna ekidin nahi izan dute. Hala ere, errektoreek erreforma ondo iruditzen zaiela esan dute, baina oraindik ezarriko ez dutela 4+1eko sistema ebaluatu arte. Heziberri, ordea, datorren ikasturtean ezartzeko asmoa du PNVk. Ikasleria esnatzea eta ofentsibara igarotzea beharrezkoa da. Hain zuzen ere horretara dator orain iragarriko dugun dinamika.

Otsailak 26: erreformei PLANTO!

Ikasleok ez gara klaseko aulkietan loturik geratuko. Otsailaren 26a mobilizazio eguna izango da Hego Euskal Herriko ikastetxe zein unibertsitateetan. Hezkuntza ertainean, hezigunez hezigune, LOMCE desobeditzeko konpromisoak bilduko ditugu ikasleon artean, otsailean zehar. Beraz, konpromiso horietan berretsiz, LOMCE desobeditzeko daukagun determinazioa eta indarra erakusteko eguna izango da 26a hezkuntza ertainean. Unibertsitateetan ordea, EU2015aren, eta konkretuki, 3+2aren aurrean, tinko erantzungo dugu; Euskal Eskola Nazionalaren bidean hezkuntza herritik eta herriarentzat izatea beharrezkoa dela argi utziz.

Hauek izango dira mobilizazioetako batzuk: Iruñean 12:00etan UPNAtik irtengo da Parlamentura; Bilbon zutabeak egonen dira Sarriko, San Mames eta Arrriagatik 11:30etan Moyua plazara, eta handik, 12:30etan manifestazioa izango da Hezkuntza Delegaritzara; Gasteizko unibertsitateko Aulariotik 12:00etan irtengo da; eta Donostian ordua zehazteke dago. Gainerako eskualdeetan ere mobilizazio lokalak izango dira. Adi egon deialdietara.

Eraikuntzara salto!

Otsailaren 26tik martxoaren 18ko astera arte eraikuntzara salto egingo dugu. Hezkuntza herritik eta herriarentzat praktikan jarriko dugu. Argi daukagu ikasle masak kalean mobilizatu behar direla, erantzun nahiz eraikuntza planoetan, baina horrekin ez da aski. Heldu da alternatiba praktikoak martxan jartzeko unea.Aurten proiektuen arteko talka azaleratu eta errealak egitera bidean esperientziak eraikitzera goaz.

Hezkuntza ertainean, LOMCEren kontrako konpromisoetan berretsiz, hauen garapen praktikoa nola gauzatuko dugun datorren ikasturtean zehazteko, hiru aste horietan desobedientzia eta eraiki nahi dugun ereduaren inguruko hausnarketa tailerrak antolatuko ditugu. Horrela, asteetan landutako edukia eta eginiko dinamika ezberdinen plazaratze masiboa egiteko baliatuko dugu martxoaren 18ko eguna.

Unibertsitateetan ordea, campusez campus ikasle mugimenduak aurrera eramango dituen Herri Unibertsitateak babesten ditu Ikasle Abertzaleakek, proiektu hauetan erabat inplikatuz. Herri unibertsitatea, unibertsitate eredu euskaldun eta herritarraren eraikuntzaren bidean euskarri garrantzitsua izango da, ikasleriaren antolakuntza eta kontra-boterearen eraikuntza dakarrelako. Ikasle Abertzaleok eraikuntzara salto egiteko unea iritsi dela ondorioztatu dugu, praktika alternatiboak aurrera eramanez.  Herri Unibertsitateetako asko martxoaren 16an hasiko direla aurreikusi daiteke.

Gora ikasle mugimendua!

Jo ta ke Euskal Eskola Nazionala lortu arte!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide