Babestutako edukiak

“Erraztasunak eman behar dizkiegu bezeroei”

Erabiltzailearen aurpegia Aiarako Kuadrilla 2020ko urr. 21a, 07:00

MARIANNE SANTAMARIA DIAZ Laudioko Santa Maria harategiko kidea da. “Dendatik etxera” dinamikan parte hartuko dute saltoki horretako kideek. 

Nola eragin die COVID-19aren pandemiak saltoki txikiei?

Eragina izan du. Martxoan, pandemia hasi zenean, elikagaiak agortuko zirelako beldurra zabaldu zen jendearen artean, baina gero ikusi zen ez zegoela inolako arazorik. Saldu da, baina gutxiago. 

Jendearen eskaera motak ere aldatu direla sumatu dugu. Produktu freskoagoak eta gertuagokoak eskatu dizkigute, kalitatea gehiago baloratuz. Ez dakit gaixotasunarekiko beldurra izango den, baina jendeak kalitate gehiagoko gauzak eskatzeari ekin dio. 

Tokiko produktuekiko kontzientzia handitu da, beraz?

Baietz uste dut. Gertukoari laguntzen badiogu komunitatea hobeto egongo dela ikusi dugu, gure alboan daudenei laguntzetik hasita. 

Zer eskaintzen dute saltoki txikiek supermerkatu handiek eskaini ezin dezaketena?

Kalitatea, gehienbat. Guk geuk hautatzen ditugu gure hornitzaileak, ezagutzen ditugu. Produktu freskoak dira, egunerokoan kontsumitzen ditugunak. Bezeroak ere ezagutzen ditugu. Nik badakit zer den pertsona bakoitzak bere etxean gustuko duena. Bakoitza ezberdina da, eta badakit bakoitzari zer haragi mota eskaini. Amona, ama eta alabak ditugu bezero moduan, oso ondo ezaguzten dugu elkar. 

“Dendatik etxera” dinamikan parte hartzen ari zarete. Zergatik?
Jendeak ezagutu gaitzan erraztasunak eman behar dizkiegu. Erosketa egiteko zure denboraren zati bat baliatu behar duzu, aisialdirako baliatzea nahiagoko zenukeen denbora. Horregatik, oso ideia ona iruditzen zaigu bezeroek deitu, guk eskaria prestatu eta gero etxera eramatea. 

Orain, sare sozialen bidez, “erakusleiho birtual” moduko bat dugu. Goizero jartzen ditugu gure produktuen argazkiak eta jendeak deitzen gaitu, eskaerak egiteko. Oso sistema aproposa da etxetik atera ezin den jendearentzat edota erosketak egiteko denborarik ez duenarentzat. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide