Atzo goizean Garabilla Landetxean Aiaraldeko Kuadrillak eta Txakolinaren ibilbideak, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, antolatutako ekimena den Txakoli Biziren bosgarren edizioaren aurkezpen ofiziala egin da.
Ekitaldian bildu dira Amurrio, Laudio, Artziniega, Okondo eta Aiarako alkateak; baita Iñigo Pinedo Aiaraldeko Kuadrillako Presidentea eta Arabako Foru Aldundiko ordezkariak ere. Ongietorri topaketan zehar, agintariek Txakoli Bizik mahastigintza eta ardogintza kulturaren, turismo jasangarriaren zein tokiko nortasunaren arteko topagune gisa duen garrantzia azpimarratu dute.
Gaur hasten da Txakoli Biziren bosgarren edizioa, Aiaraldeko zaporea ezagutarazteko eta, aldi berean, eskualdeko produktuen inguruko proposamenez gozatzeko. Azaroaren 23ra arte hainbat jarduera eta esperientzia enogastronomiko egingo dira, besteak beste, tailerrak, dastatzeak, showcooking-a, kirola, bisita antzeztua, musika, etab. Beste urte batez, Txakolinaren Ibilbideak eta Aiaraldeko Kuadrillak antolatzen dute aurreko edizioetan hain harrera ona izan duen Txakolin Bizi ekitaldi arrakastatsua. Halaber Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarekin kontatzen du.
“Txakoli Bizirekin Aiaraldeko Kuadrillak paisaiarekin, gure mahatsarekin, txakolinarekin eta lurralde honetako abegitasunarekin duen konpromisoa berresten dugu. Gure apustua da bisitatzen gaituenak ez bakarrik ardo bat dastatzea, baizik eta esperientzia bat bizitzea: mahasti, museo, tokiko gastronomia eta naturaren artean. Elkarrekin bultzatzen dugu turismo jasangarria, kalitatezkoa, hurbilean eta benetakoan oinarritua”, adierazi du Iñigo Pinedo Aiaraldeko Kuadrillako presidenteak. “Kuadrillatik herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu azaroaren 8tik 23ra egingo diren jarduerez gozatzera zeinetarako aldez aurretik izena emanez apuntatu ahal izango diren, Aiaraldeko webgunearen bidez”, esanez amaitu du Pinedok.
Aurkezpenak balio izan du, halaber, udalerriek eta tokiko eragileek ardoa, kultura eta natura uztartzen dituen eredu turistikoa sustatzeko elkarrekin egindako lanaren balioa nabarmentzeko, bertakoei eta bisitariei Aiaraldea ezagutzeko beste modu bat eskainiz.
Aiaraldeko txakolinaz, kulturaz eta gastronomiaz gozatzeko agenda bat
Edizio honetako programak txakolinaren paisaiak ezagutzera eta Aiaraldeko gastronomia, natura eta tradizioez gozatzera gonbidatzen gaitu, esperientzia paregabeen eskaintza baten bidez.
Hasiera ofizialaren ondoren, Txakoli Bizi 2025ek azaroaren 8tik 23ra bitartean garatuko du bere jarduera-programa osoa, ardoa, paisaia, kultura eta tokiko produktua uztartzen dituzten proposamenekin. Gaur, jardunaldia mahastien artean eginiko yoga saio batekin hasiko da Amurrioko Artomaña Upeltegian/Ardantze Jatetxean. Ondoren, arratsaldean, Mikel Garaizabal dibulgatzaileak Armuru Txokoan komentatutako dastaketa bat egingo da. Igandean, hilak 9, protagonismoa Artziniegako Santxotena Museoak hartuko du, non bere arteaz gozatu ahal izango den bermut eta gospel musikaz lagunduta.
Programak ostiralean, hilak 14, jarraituko du Amurrioko Likorearen Museora eginiko bisita batekin, zeinetan aukeratutako whiskien dastatze bat egingo den. Larunbatean, hilak 15, Arcos de Quejana jatetxeak bertako produktuekin prestatutako menu gastronomiko bat eskainiko du, eta Óscar Terol umoristak ukitu dibertigarria jarriko du Lezamako Bideko jatetxean egingo den afari-ikuskizun batean.
Azaroaren 16an, igandea, Laudioko Kasinoak Slow Food Arabako Gustuaren Laborategia hartuko du, bertako ekoizleak eta txakolin egileak bilduko dituen topaketa batean.
Hurrengo astean, hilaren 21ean, ostirala, Okondoko Astobiza Upategiak kopak margotzeko tailer bat proposatuko du dastatze batekin batera.
Azken txanpa hilaren 22an, larunbata, iritsiko da, Murga Dorretxean eginiko Jorge Romero sukaldariburuaren showcooking batekin, eta ondoren, arratsaldean, The Blooms Band taldearen zuzeneko musika emanaldia garatuko da El Lío Laudion. Azkenik, azaroaren 23an, igandea, Txakoli Bizi 2025ek amaiera bikaina emango du Laudioko Beldui Upeltegira egingo den bisita antzeztu batekin. Dastatzea eta garraioa barne hartuko ditu eta horrela, Aiaraldeko zaporea, nortasuna eta abegikortasuna ospatzeko asmotan eginiko edizioa itxiko da.