Maiatzaren 7an eta 8an, Aiaraldeako ikasleak kalera aterako dira “Erosketa Adimendua” ekintza garatzeko, elikagaien hondakinak murrizteko bide gisa erosketa arduratsuen garrantziaz herritarrak sentsibilizatzea helburu duen ekimena.
Jardunaldi horietan informazio-puntuak jarriko dira Laudioko eta Amurrioko merkatuetan, eta ikasleek eurek dinamizatuko dituzte. Bertan sentsibilizaziorako materialak eskainiko dira, hala nola liburuxkak eta hozkailurako imanak, etxeetan elikagai-hondakinak saihesteko jarraibide praktikoekin. Ekimenaren helburua herritarrekin harreman zuzena sortzea da, egunerokoan kontsumo-ohitura jasangarriagoak sustatuz.
Ekintza hau Aiaraldeako Eskola Agenda 2030 programan parte hartzen duten 11 ikastetxeek azken bi ikasturteetan egindako lanaren emaitza da. Ikastetxeek 12. Garapen Jasangarrirako Helburuan (GJH) jarri dute arreta: Ekoizpen eta Kontsumo Arduratsuak.
Iaz diagnostiko bat egin ondoren eta ikastetxeen artean hausnarketa eta adostasun prozesu bat garatu ostean, detektatutako elikagai-hondakinen problematikari erantzuteko ekintza eraldatzaile hau definitu zen.
Aurreko urrats gisa, apirilaren 16an Laudioko Kultur Etxean eskualdeko Eskola Foroa egin zen, inplikatutako 11 ikastetxeekin. Topaketa horretan ikasturtean zehar egindako lana partekatu zen eta ekintzarako diseinatutako materialak aztertu ziren. Gainera, ikasleek informazio-puntuen simulakroa egin zuten, herritarrekin komunikazioa hobetzeko egoera errealak antzeztuz. Ikasle batzuek dinamizatzaileen rola hartu zuten, eta beste batzuek herritarren rola interpretatu zuten, ondoren rolak trukatuz.
“Aiaraldeako Kuadrillatik herritarrak animatzen ditugu adierazitako egunetan merkatuetara hurbiltzera, ikasleek bultzatutako ekimen hau gertutik ezagutzeko eta kontsumo arduratsuago bati ekarpena egiteko”, adierazi du Kuadrillako presidenteak, Iñigo Pinedok.
Ekintza hau Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak Aiaraldeako Kuadrillari emandako dirulaguntzari esker garatzen da.