'Herriz Herri' programaren bigarren txanda abiatu da Aiaraldean, ibaien inguruko ingurumen-kontzientziazio jarduerekin

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldeko Kuadrilla 2026ko ekainaren 17a

Tailerrak, gimkanak, antzerkia eta familia-jarduerak izango dira Amurrion, Okondon, Laudion, Luiaondon eta Artziniegan ekainaren 20tik 26ra bitartean Aiaraldeko Kuadrilla, 2026ko ekainaren 11. 

Aiaraldeak “Herriz Herri Aiaraldea” programaren 2026ko kanpainari dagokion jarduera-sortaren bigarren txanda hartuko du ekainaren 20tik 26ra bitartean. Ekimen hau Eusko Jaurlaritzaren “Ibaialde Herriz Herri” ekimenaren barruan kokatzen da, eta bere helburua herritarren kontzientziazioa sustatzea da ibaiak eta ibai- ekosistemak zaintzearen inguruan. Bigarren txanda honek apirilean garatutako jarduerei
jarraipena ematen die urteko programaren baitan.

Kanpaina Aiaraldeko Kuadrillarekin lankidetzan antolatuta dago, eta doako jardueren egitarau zabala proposatzen du, publiko guztiei zuzenduta, bereziki ingurumen-hezkuntza eta komunitate parte-hartzea ardatz hartuta.

Egitaraua ekainaren 20an hasiko da Amurrion, Urrutia plazan informazio-gune bat jarriz 10:00etatik 14:00etara. Horretarako, karpa bat instalatuko da programako bi begiraleekin, eta haiek kanpainari buruzko informazioa emango dute, jarduerak azalduko dituzte eta ibai-laginketei buruzko doako argitalpenak banatuko dituzte, baita kostaldeetan, ibaietan eta natura-guneetan (hiri-parkeak barne) laginak hartzeko materiala ere. Gainera, “Nire udalerri
jasangarria” izeneko horma-irudi parte-hartzailea egingo da.

Ekainaren 21ean, Okondon, familia-jarduera bat egingo da Izalde ibaian 11:00etatik 13:00etara. Parte-hartzaileek ibaiaren osasuna ebaluatzen ikasiko dute laginketen, ingurune behaketaren eta garbiketa-ekintzen bidez, uraren kalitatea aztertzeko kitak eta espezieak identifikatzeko eskuliburuak erabiliz. Jarduera doakoa izango da, baina aurrez izena eman beharko da horretarako gaitutako formularioaren bidez.

Ekainaren 22an, Laudion, Kultur-Etxeak “Upcycling jeans” tailerra hartuko du 17:30ean. Parte-hartzaileek bakero zahar bat jantzi berri bihurtuko dute, ehungintzaren berrerabilpena eta jasangarritasuna sustatuz.

Ekainaren 25ean, Luiaondon, gaztelekuan gazteentzako gimkana bat egingo da 18:00etan, jasangarritasunean oinarrituta. Gazteek taldeka hainbat erronka ingurumenal gainditu beharko dituzte “planeta salbatzeko”; jarduera doakoa izango da baina aurrez izena eman beharko da.

Azkenik, ekainaren 26an Artziniegan, Kultur Etxean 18:00etatik 19:00etara “Erreka Mari” txotxongilo-antzerkia eskainiko da, haurrei zuzendutako jarduera didaktikoa. Istorio baten bidez, ibaiak zaintzearen garrantzia azpimarratzen da, eta sarrera librea izango da aforoa bete arte.

Izen-emate loturak:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide