Aiaraldeko Kuadrillak Hondakinak Kudeatzeko Plan berri bat prestatzen hasi da, zerbitzua Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko 7/2022 Legearen eskakizunetara eta ezarritako helburuetara egokitzeko asmoz.
Planak Laudio, Amurrio, Aiara, Artziniega eta Okondo udalerriak hartzen ditu barne, eta Aiaraldeko etxeko hondakinen eta antzekoen kudeaketa hobetzeko beharrezko ildo estrategikoak, helburuak eta jarduketak zehazteko bide-orria izango da. Lehentasunen artean daude hondakinen sorrera prebenitzea, materialen berrerabilpena sustatzea eta gaikako bilketaren eta birziklapenaren mailak handitzea, bereziki funtsezko frakzio gisa hartzen den materia organikoaren bilketa eta tratamenduari erreparatuz.
Plan hau hondakinen bilketa-zerbitzuaren kontratu berriaren abiarazteak eta zerbitzua arautzen duen ordenantza berriaren indarrean sartzeak markatutako testuinguru batean diseinatu da. Bi tresna horiek lagungarri izango dira epe ertain eta luzera aurreikusitako helburuak lortzeko.
“Gure helburua da Aiaraldeak jasangarritasunarekin konprometitutako eta mobilizatutako eskualdea izaten jarraitzea, eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko gai izatea erakundeen eta herritarren arteko lankidetzatik abiatuta. Prozesu honek aukera ematen digu zerbitzu hau nola eskaintzen dugun hausnartzeko eta nola hobetzen jarrai dezakegun aztertzeko, gure bizilagunen itxaropenei erantzuteko”, nabarmendu du Iñigo Pinedok, Aiaraldeko Kuadrillako presidenteak.
Plana prestatzeko lanak Aiaraldeko egungo hondakinen kudeaketaren egoerari buruzko diagnostiko zehatz batetik abiatzen dira. Azterketa horrek hainbat alderdi hartzen ditu kontuan, hala nola hondakinen sorrera eta zabor-poltsaren ezaugarriak, eskuragarri dauden azpiegiturak, bilketari atxikitako baliabideak eta bilketa eta kudeaketarekin lotutako kostuak, besteak beste.
Diagnostiko horretatik abiatuta, prebentziorako eta gaikako bilketa hobetzeko helburu zehatzak ezarriko dira, baita egungo bilketa-sistemak optimizatzeko proposamenak ere.
Materia organikoaren frakzioari dagokionez, planak Aiaraldeko konpostajea egiten duten familien sarea handitzeko ekintzak jasotzen ditu, bai etxeko konpostajearen bidez bai komunitateko konpostajearen bidez. Era berean, edukiontzietan irekiera-sistema elektronikoak ezartzea aurreikusten du. Neurri horrek gaikako bilketa sustatzen lagunduko du eta etorkizunean ingurumen-fiskalitateko ereduak ezartzea erraztuko luke, “kutsatzen duenak ordaintzen du” printzipioan oinarrituta.
Halaber, Kuadrillak herritarrak animatu nahi ditu inkesta erraz bati erantzutera. Horren bidez, herritarrek bilketa eta kudeaketa eredu eraginkorrago eta eskualdeko errealitatera egokituago baten aurrean duten pertzepzioa eta prestutasuna ezagutu nahi dira. Inkesta uztailaren 6a baino lehen erantzuten dutenen artean Aiaraldeko materialekin osatutako bi poltsa zozketatuko dira.
Inkestaren esteka.
Eskualdeko Hondakinak Kudeatzeko Plan hau egitea posible da Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak Aiaraldeko Kuadrillari emandako dirulaguntzari esker.