Aiaraldeak 2026ko Berdintasun Topaketa egingo du Amurrion, kirolaren, emakume kirolarien eta ahalduntze feministaren inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldeko Kuadrilla

Urriaren 24an egingo da jardunaldia, eta ikertzaileak, adituak eta kirolariak bilduko ditu, generoaren eraginaz kirolaren esparruan hausnartzeko, emakumeen erreferenteak ikusarazteko eta emakumeen arteko aliantzak sustatzeko.

Aiaraldeko Kuadrillak Berdintasun Topaketaren beste edizio bat egingo du datorren urriaren 24an Amurrion. Urtero egiten den hitzordu horren helburua da eskualdeko emakumeek elkar ezagutzeko, aliantzak sortzeko eta berdintasunarekin lotutako gai zehatzen inguruan hausnartzeko guneak partekatzeko aukera sustatzea.

Aurtengo edizioan, topaketak kirola, emakume kirolariak eta ahalduntze feminista izango ditu ardatz. Bi mahai-ingururen bidez, jardunaldiak generoaren eragina aztertuko du kirolaren esparruan, kirolarekin lotutako emakumeen ibilbideak ikusaraziko ditu eta ahalduntze feministaren adibideak eskainiko ditu. Horrez gain, ahalduntze hori ahalbidetzen duten prozesuei buruz hausnartzeko gunea ere izango da.

Ekimenaren helburua da, halaber, emakume kirolarien arteko topaguneak eta lankidetza-guneak sortzea, haien lana aitortzea eta kirol-praktika berdinzaleagoa sustatzen laguntzea.

Ikerketa, kirol-esperientziak eta emakumeen erreferenteak

Programak bi mahai-inguru izango ditu, ikuspegi akademikoa eta profesionala emakume kirolarien eta ikuspegi feministatik lan egiten duten kolektiboen esperientziekin uztartzeko.

Lehenengo mahaian, adituei eskainitakoan, generoari, feminismoari eta kirolari buruzko ikerketarekin lotutako ibilbidea duten hiru profesional bilduko dira.

Amets Castrejana Fernandezek hartuko du parte, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Feminismo eta Genero arloko doktorego aurreko ikertzaileak eta kirolaren esparruko Berdintasun eta Aniztasun aholkulariak. Alicia Figueroa de la Pazek ere parte hartuko du, Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioko zuzendariak eta Askatuakeko zuzendari teknikoak.

Mahaia osatzeko, Maria Francisca Mas Riera izango da bertan, generoaren eta kirolaren arloan espezializatutako idazle eta ikertzaile feminista, eta Gasteizko Ikerketa Feministako Lanen VI. Lehiaketaren irabazlea.

Hizlarien ekarpenen bidez, kirolean dauden genero-desberdintasunei buruzko ikuspegi ezberdinak landuko dira, baita kirolaren esparru inklusiboago eta berdinzaleago baterantz aurrera egiteko dauden erronkak ere.

Bigarren mahai-inguruan, askotariko kirol-esperientziak eta ibilbideak dituzten emakumeak izango dira protagonista. Amagoia Arrieta Arrietak, 2023ko eta 2024ko Europako txapelketa paralinpikoetan bocciako txapeldun izandakoak, kirol egokituan duen esperientzia partekatuko du. Harekin batera, Patricia Espinar Labiánek hartuko du parte; pilotari profesionala da, 2017an one wall modalitateko munduko txapeldun izan zen, eta 2018an Emakume Master Cup txapelketa irabazi zuen lau t´erdiko modalitatean.

Mahaian Mendicidencias kolektiboak ere parte hartuko du. Gasteizko kolektibo autonomoa da, eta mendiaz ikuspegi feministatik bizitzea eta gozatzea sustatzen du, esperientzia hori beste batzuekin partekatuz.

Gune horretan, emakumeek kirolean duten presentzia ikusarazten laguntzen duten esperientzia pertsonalak eta kolektiboak ezagutzeko aukera izango da, erreferenteak partekatzeko eta emakumeek beren kirol-diziplinetan aurkitzen dituzten aukerei eta zailtasunei buruz hausnartzeko.

Partekatzeko, aitortzeko eta aliantzak sortzeko gunea

Aiaraldeko Berdintasun Topaketa 11:00etan hasiko da, erakunde-aurkezpenarekin. Ondoren, 11:15ean, adituen mahai-ingurua egingo da. Kafe-atsedenaldiaren ostean —12:15erako aurreikusita dago—, jardunaldiak aurrera jarraituko du 12:30ean, kirolarien mahai-inguruarekin.

13:30ean, eskualdeko kirolariei aitortza egingo zaie, haien ibilbidea eta kirolari egindako ekarpena balioan jartzeko. Jardunaldia 13:45ean amaituko da, topaketaren ondorio nagusiak partekatzeko eta jasotzeko gune batekin.

Edizio berri honekin, Aiaraldeko Kuadrillak berdintasunaren sustapenarekin eta emakumeen ahalduntzearekin duen konpromisoa berretsiko du, parte-hartzerako, hausnarketarako eta sareak sortzeko guneak bultzatuz. Topaketaren bidez, emakumeen esperientziek eta ekarpenek ikusgarritasun handiagoa izatea sustatu nahi da, eta kirola ere gizarte berdinzaleago baterantz eraldatzeko esparrua izatea.

EGITARAUA

Aiaraldeko Berdintasun Topaketa 2026
Data: 2026ko urriaren 24a
Lekua: Amurrio
11:00 Erakunde-aurkezpena.
11:15 Adituen mahai-ingurua: generoa, feminismoa eta kirola.
12:15 Atsedenaldia eta kafea.
12:30 Kirolarien mahai-ingurua: kirol-esperientziak ikuspegi feministatik.
13:30 Eskualdeko kirolariei aitortza.
13:45 Ondorioak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide