Txakoli Bizik ikusleen harrera bikaina izan du lehen asteburuan, eta esperientzia berriekin jarraituko du Aiaraldean

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldeko Kuadrilla

Seigarren edizioa harrera bikainarekin hasi da, eskualdeko hainbat herritan gastronomia, umorea eta kultura uztartu dituzten proposamenekin. Egitarauak azaroaren 22ra arte jarraituko du, tailerrekin, magia-ikuskizunekin, gastronomia-esperientziekin, kultur bisitekin, dastaketekin eta aire zabaleko jarduerekin. Oraindik badaude plaza libreak Artziniegako magia-ikuskizunean, Laudion egingo den tardeoan eta Aiarako Ibilbideko martxa nordikoan.

Txakoli Biziren seigarren edizioa ikusleen harrera bikainarekin hasi da. Joan den asteburuan Aiaraldeko hainbat tokitan egindako lehen jarduerei esker, eskualdeko gastronomiaz, umoreaz eta kulturaz gozatzeko aukera izan dute parte-hartzaileek, Arabako Txakolina ardatz hartuta. Egitarauak datozen bi asteburuetan jarraituko du, azaroaren 22ra arte, eskualdea ezagutzeko eta esperientzia desberdinez gozatzeko proposamen berriekin.

Edizioari azaroaren 6an eman zitzaion hasiera, Beldui upategian egindako aurkezpen ofizialarekin eta Enoturismoaren Munduko Eguna ospatzeko antolatutako inaugurazio-topa batekin. Asteburuan zehar, gainera, hainbat jarduera egin ziren: tokiko produktuekin egindako showcooking-a Okondoko San Roman eskolan, Andoni Agirregomezkortaren bakarrizketa Arcos de Quejana jatetxean eta Santxotena Museo-Tailerreko bisita. Azken horretan, Xabier Santxotenaren sormen-unibertsoa ezagutzeko aukera izan zuten parte-hartzaileek, zuzeneko erakustaldi baten eta txakolinarekin uztartutako mokadutxo baten bidez.

Aiaraldeko Kuadrillako presidente Iñigo Pinedok oso positibotzat jo du seigarren edizio honen hasiera: «Oso pozik gaude Txakoli Bizik izaten ari den harrerarekin. Lehen jarduerek erantzun bikaina izan dute, eta pozgarria da ekimen honek pizten duen interesa ikustea. Aiaraldeak eskaintzen dituen esperientzien aniztasuna erakusteko eta herritarrengana gure gastronomia, kultura, ondarea eta natura-ingurunea hurbiltzeko aukera ematen digu».
Lehen asteburuaren ostean, Txakoli Bizik Aiaraldeaz gozatzeko, bertako produktuak ezagutzeko eta eskualdeko ondare, kultura eta paisaietara hurbiltzeko plan ugari eskaintzen jarraitzen du.

Magia, gastronomia eta tradizioa datorren asteburuan

Egitarauak azaroaren 13an, ostiralean, jarraituko du Amurrion, Gaizka Barañanok (Barañano Likoreak) emango duen bermuta egiteko tailerrarekin. Jarduera 18:00etatik 20:00etara egingo da Txoko Armuru Elkarte Gastronomiko eta Kulturalean. Parte-hartzaileek beren bermuta prestatu ahal izango dute, saria izango duen Kahoot batean parte hartu eta etxera botila bat eraman oroigarri gisa.

Azaroaren 14an, larunbatean, gastronomiaz eta ikuskizunez gozatzeko bi proposamen izango dira. 13:30etik 16:00etara, Artomañak eta Ardantze jatetxeak gastronomia-esperientzia eskainiko dute, gertuko produktuekin eta Arabako Txakolina J.D.ko txakolinarekin.

Arratsaldean, 18:00etatik 20:00etara, Artziniegako Kultur Etxean magia-ikuskizuna eskainiko du María Arandiak. Ilusioa, txakolina eta gildak uztartuko dituen proposamen honetarako oraindik badaude plaza libreak. Plan desberdin batez gozatzeko eta Artziniegara hurbiltzeko aukera paregabea.

Igandean, azaroaren 15ean, ondarea eta tradizioak izango dira protagonista, 12:00etan Artziniega Museoan egingo den bisita antzeztuarekin. Herriko historia modu atsegin eta entretenigarrian ezagutzeko aukera emango du, eta amaieran eskualdeko txakolinarekin eta pintxoekin egindako topa egingo da.

Dastaketak, tardeoa eta natura hurrengo asteburuan

Azaroaren 20an, ostiralean, Astobiza upategiak Arabako Txakolina J.D.ko txakolinen dastaketa komentatua hartuko du, José Ignacio Junguiti enologoak gidatuta. 17:00etatik 19:00etara, parte-hartzaileek ardo hauen berezitasunak hobeto ezagutzeko eta Aiaraldeko produktu adierazgarrienaren ñabardurak deskubritzeko aukera izango dute.

Azaroaren 21ean, larunbatean, eguna Amurrioko Likorearen Museoan hasiko da, 12:00etatik 14:00etara egingo den bisita gidatuarekin. Jarduerak Karpy likorearen eta patxaranaren dastaketa barne hartuko du. Arratsaldean, El Lío Laudio izango da protagonista, 18:00etatik 20:00etara egingo den tardeoarekin. Elkarrekin egoteko, giroaz gozatzeko eta Txakoli Bizi ospatzen jarraitzeko proposamena, giro lasai eta atseginean. Jarduera honetarako oraindik badaude plaza libreak.

Egitarauari amaiera emateko, azaroaren 22an, igandean, martxa nordikoko irteera gidatua egingo da Aiarako Ibilbidean. Jarduera 10:00etatik 14:00etara izango da, Arespalditzan hasi eta amaituko den ibilbidearekin. Hamar kilometroko ibilbide zirkularra izango da, zailtasun txikikoa, eta eskualdeko natura-ingurunea ezagutzeko eta makilak erabiltzen ikasteko aukera emango du. Esperientziak pintxoak eta bertako txakolinarekin egindako topa ere barne hartuko ditu. Interesa dutenek oraindik eman dezakete izena proposamen honetan.

Aiaraldeak eskaintzen duen guztia ezagutzeko gonbidapena

«Oraindik badaude izena emateko aukera ematen duten jarduerak; beraz, aukera aprobetxatzera, parte hartzera eta esperientzia hauetaz gozatzera animatzen ditugu herritarrak. Txakoli Bizi Aiaraldera hurbiltzeko, gure herriak, paisaiak, gastronomia eta ondarea ezagutzeko gonbidapena ere bada. Hemen bizi diren nahiz bisitan etortzen diren pertsonek gure eskualdeak eskaintzeko duen guztia deskubritzea nahi dugu», amaitu du Aiaraldeko Kuadrillako presidenteak.
Oraindik plaza libreak dituzten jardueretan izena emateko, jo webgunera: www.turismo.aiaraldea.org.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide