Aiaraldeko Kuadrillako Gizarte Gaietako, Berdintasuneko eta Kulturako Arloak Zambomba Flamenca ikuskizuna antolatu du. Zuzeneko musika eta dantza uztartzen dituen proposamen honek flamenkoaren artea eta Gabonetako giroa eramango ditu Amurrio Antzokiko agertokira. Hitzordua 2026ko abenduaren 4an izango da, 19:30ean, eta kultur aniztasuna ospatzeko, tradizio desberdinen arteko elkartrukea sustatzeko eta eskualdeko kulturen arteko bizikidetza indartzeko topagune bihurtu nahi du.
Maite Jimenezen, Al compás del alma taldeko zuzendari artistikoaren, zuzendaritzapean, ikuskizunean Ángel del Toro, Enrique «El Vaca», Rubén «El Rubio» eta Alberto Maldonado «El Ratón» artistek hartuko dute parte, Al compás del alma taldeko dantzariekin batera.
Talde artistikoan kantaria, gitarra-jotzailea, perkusio-jotzaileak, palmerak eta dantza-taldea bilduko dira. Eszenaratzeak kantuaren emozioa, gitarraren melodia, kajoiaren eta txaloen erritmoa eta flamenko-dantzaren adierazkortasun-indarra uztartuko ditu. Zuzeneko musika izango da gaualdiko erakargarritasun nagusietako bat, ikusleei artistez gertutik gozatzeko eta agertokian flamenkoak transmititzen duen energia bizitzeko aukera emanez.
Ordubete eta hamabost minutu inguruko iraupena izango duen Zambomba Flamenca ikuskizunak tangoak, alegrías, sevillanak eta flamenko ukituko gabon-kantak eskainiko ditu.
Erritmoak, tradizioak eta topaketak markatutako Gabonetako ospakizuna hurbilduko die ikusleei.
Al compás del alma taldeak ibilbide luzea egin du Gasteizko kultur bizitzan parte hartzen. Izan ere, Sentimiento flamenco proposamena Nazioen Jaialdiko programazioaren barruan egon da, eta Dantzaren Nazioarteko Egunean ere parte hartu du, Canastera flamenko-fusio piezarekin. Amurrioko emanaldiaren bidez, taldeak flamenkoa kultura partekatzeko eta pertsonak elkarrengana hurbiltzeko modu gisa bizitzera gonbidatzen du.
Ekimen honen bidez, Gizarte Gaietako, Berdintasuneko eta Kulturako Arloak kulturak kulturen arteko harremanak sustatzeko, adin, jatorri eta bizipen desberdinetako pertsonak elkarrengana hurbiltzeko eta elkar ezagutza zein elkarrekiko errespetua bultzatzeko tresna gisa duen balioa nabarmendu nahi du.
Zambomba Flamenca bezalako proposamenek kultura-adierazpide desberdinak ezagutzeko eta partekatzeko aukera ematen dute, topaguneak sortzen dituzte eta Aiaraldeko bizilagunen arteko loturak indartzen dituzte, eskualde pluralagoa, irekiagoa eta inklusiboagoa eraikitzen lagunduz.
Batzordeko presidente Laura Fernández Fernándezek honako hau nabarmendu nahi izan du: «Zambomba Flamenca hau elkartzeko, partekatzeko eta gure eskualdea aberasten duen kultur aniztasunaz gozatzeko aukera izatea nahi dugu. Topaguneak sortuko dituzten eta herritar guztien eskura egongo diren proposamenen alde egiten dugu. Kulturak beste tradizio batzuetara hurbiltzeko, elkar hobeto ezagutzeko eta errespetuan eta parte-hartzean oinarritutako bizikidetza indartzeko aukera ematen digu». Era berean, honako gonbidapena egin du: «Bizilagun guztiak zuzeneko musikaz eta dantzaz gozatzera gonbidatu nahi ditugu, Aiaraldea irekiagoa, pluralagoa eta abegikorragoa eraikitzen lagunduko duen arratsalde hau elkarrekin partekatzera».
Sarrerak doakoak izango dira, eta Amurrio Antzokiaren webgunearen bidez eskuratu ahal izango dira.