“Lan istripuak eta gaixotasun profesionalak 2015” azterketa aurkeztu zuen LABek duela astebete. Kezkaz ikusten dugu, 2015ean, lan istripuek eta gaixotasun profesionalek izandako gorakada eta hauen atzean dagoena salatu nahi dugu.
Datuen arabera, 2015ean lan istripuek gora egin zuten %8,7 Euskal Herrian. Egunero 267 lan istripu gertatu ziren, 5 minuturo bat. 6 egunik behin langile bat hil zen lan-istripuz 2015ean eta egunero 12 gaixotasun profesional kasu aurkitu ziren nahiz eta gaixotasun profesional asko ez diren aitortzen, ez diren behar bezala tratatzen eta gainera, negozio eremu bihartu nahi dituzte mutualitateen lege berriarekin.
Jarduera ekonomikoa handitu egin da, bai; baina istripuek, jarduerak baino askoz ere hazkunde handiagoa izan dute. Egoera honen atzean prekarietate asko eta prebentzio neurri gutxi aurkitzen dugu, beraz, erabaki enpresarialak. Prekarietatea handitzea eta prebentzioan ez inbertitzea hautu bat da, dituen ondorioak ezagutuz egiten den hautua, alegia. Patronalak praktika hauek babestu egiten ditu, atzean izkutatzen den arriskuaren jakitun, izan ere, enpresariak euren irabaziak handitzeko ari dira prekarietatea erabiltzen eta prebentzioan gutxiago inbertitzen.
Instituzioek badakite egoera nolakoa den eta, beste alde batera begiratzen dute. Plan ezberdinak martxan egonda, istripuen gorakada eman bada porrota begibistakoa da eta planokin jarraitzea, arduragabekeria hutsa.
Ezagutzen den errealitate hau salatu dugu, baina hainbat arlotako errealitateari dagozkion datuak falta dira, hala nola, autonomoak edo etxeko langileak...
Lan munduan lan osasun eskubidea bermatu behar da. Bizitzeko lan egiten dugu, ez lanean osasuna galtzeko!