“Alternatibak dituen herria bizirik dago”. Hori da Bilbon, datorren larunbatean, eraikiko den Alternatiben Herrian parte hartuko dugun norbanako zein eragileok zabaldu nahi dugun mezua. Bide luzea dauka Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalen elkarlanak eta datorren larunbateko mobilizazio erraldoi hau bide horretan urrats bat gehiago izango da.
Gaur egungo eredua eredu posible bakarra dela esaten digutenen aurrean alternatibak badaudela aldarrikatuko dugu. Egon daitezkeen alternatiba desberdinen inguruan jarduteko aukera izango dugu, baita horiek eraikitzeko estrategia posibleen inguruan ere. Lanean jarraituz gero bestelako eredu politiko, sozial eta ekonomikoa eraikitzea posible dela azalaraziko dugu.
Bizitza burujabea, eskubide osoz
Eskubidea dugu nola bizi nahi dugun eta gure etorkizuna nolakoa izatea nahi dugun erabakitzeko; eta eskubide hori aitortua eta errespetatua izan dadin modurik onena eskubide hori erabiltzea da.
Gure helburua urriaren 24koa aldaketarako bidean urrats esanguratsua izatea da; baina hortik aurrera ere, ahalik eta parte hartze handienarekin lanean jarraituko dugu Euskal Herrian benetako aldaketa eraikitzeko bidean.
Hortik haratago, larunbatekoa auzolanean antolatutako mobilizazio egun berezia izango da: hausnarketarako parada izango dugu, baita ospakizunerakoa ere, eztabaida desberdinetan parte hartu ahal izango dugu eta jai giroaz gozatuko dugu aldi berean, jadanik martxan dauden alternatiba batzuk ezagutzeko aukera izango dugu eta ilusioz beteko gara beste hainbat sortzeko... Hau guzti hau eta beste hainbat gauza egin ahal izango ditugu, horretarako antolatuko diren 5 auzo desberdinetan. Bakoitzean gai desberdinak jorratuko dira eta guztiek daukate egitarau oparoa, denontzako denetarik eskainiz.
Alternatiben Herrian egongo diren auzoak
Arragoa: hizkuntza, hezkuntza eta kultura gaiak jorratuko dituena
Gure Gaia, natura: naturarekin zerikusia duten gaiak landuko dituena
AuzoEKOnomia: ekonomia sozial eta eraldatzaileaz arituko dena
Demokrazia, parte hartzea eta burujabetza: herrien eskubideen eta parte hartze demokratikoaren ingurukoa
Bizitza duinak eta anitzak: aniztasunaren auzoa izango da. Gorputz eta bizi eredu ez normatiboak landuko dituena
ZATOZ GUREKIN!
Herritarron aktibazio eta parte hartzea ezinbestekoa da hau guztia aurrera atera nahi badugu; guztion esku dago gauza txikiak eginez helburu handiak lortzea. Zentzu horretan eredugarria da zenbat eragile sozial eta sindikal eta zenbat norbanako ari garen gure aletxoa jartzen Alternatiben Herria aurrera ateratzeko eta zenbatek parte hartuko dugun egunean bertan. LABetik larunbatean Bilbora joateko gonbitea luzatzen dizuegu eta bide batez, eskerrik asko eta zorionak hemendik guztioi! Guztion artean sistema aldatzera goaz!
Informazio gehiago: alternatibenherria.eus