Tubos Reunidos taldeko presidente berriaren izkutukeria kritikatu dugu, enplegua eusteari begira dakarren arriskuarengatik

Erabiltzailearen aurpegia Aiarako LAB 2018ko urt. 19a, 12:52

Tubos Reunidoseko beharginak lantegi aurrean. / Aiaraldea.eus

Duela urtebete eskuratu zuen Ulacia jaunak Tubos Reunidos taldearen presidentetza. Hedabideen bidez taldeko langileei helarazi zien mezua ez zen batere lasaigarria izan eta ez zuen ezer onik iragartzen haientzat. “360o-tako balio plan” bat lantzeaz eta taldean ezartzeko beharraz jardun zen. Behin baino gehiagotan eskatu du LABek aipatu plana langileei aurkezteko, baina gaur gaurkoz, oraindik ez du egin. Horrek ez du esan nahi gauzatzen ari ez denik.

Aurtengo ikasturtean, langileen lan baldintzen etengabeko hondatze baten lekukoak izan gara: azpikontratetako langileak kaleratuak izan direlako, lanpostuak amortizatu dituztelako, malgutasuna handitu delako, ezohiko lanaldiak ezarri direlako, mugikortasun funtzionala indarrean egon delako, abenduan lingote-ontziak eta hodiak taldeko enpresetatik atera dituztelako, enpresa-batzordeak honen berririk izan gabe...

Honez gain, Tubos Reunidoseko presidente ohiak, Abasolo jaunak, “siderurgiako euskal talde handia” sortzearen alde zegoela esan zuen hedabideetan.

Behin mugimendu eta aitorpen hauek aztertu ditugula, LABek bere buruari hainbat galdera egiten dizkio: zein da Ulacia jaunaren eta Tuboseko zuzendaritzaren helburua, altzairutegi handia sortzea? Hala bada, zein da taldeko nahiz azpikontratetako egungo langileen enplegu bermea? Zein lan baldintzetan?

Gure ustez, LABek badaki norantz doan Tubos Reunidos eta Hego Euskal Herriko siderometalurgia-sektorea. Behin, Abasolok, Ulaciak eta Confebaskek irrikaz espero duten siderurgia-sektorearen batasuna lortuko balitz, langileriari eragingo litzaizkiokeen ondorioak ez lirateke onuragarriak izango, asegaitzak diren enpresari horiek poltsikotan milioiak eta milioiak gordetzen nahi dutelako, enplegua suntsitzearen eta lan baldintzak kaskartzearen kontura.

Eta jazoera hauek direla-eta, Eusko Jaurlaritzari eta erakundeei galdetu nahi diegu: zer diote? Zein izango da euren jarrera?

LABek erakundeak, eta batik bat, Eusko Jaurlaritza deitzen ditu, taldearen bideragarritasuna bermatu dezaten, lantokiei eta lanpostuei baldintza duinetan eutsiz. LABek konpromiso argia eta irmoa adierazten du langile guztien etorkizunaren alde borrokatzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide