Langileon borrokari esker, SuperBerriak-ek Enplegu Erregulazio Espedientea bertan behera utzi du

Erabiltzailearen aurpegia LAB eta CCOO 2022ko ira. 21a, 21:03

EEEa hasi zenetik langileok zein komitean ordezkaritza dugun LAB eta CCOO sindikatuok argi azaldu dugu gure jarrera: ez dago arrazoirik SuperBerriak-eko lau dendak (BM Shop frankizia) itxieta 70 lanpostu suntsitzeko. Horregatik irailaren 10ean burututako langile asanbladan erabaki genuen enpresak Enplegu Erregulazio Espedientea (EEE) atzera bota ezean irailaren 16an greba mugagabea abiaraziko genuela.

Ostiralean, irailaren 16an, enpresak kaleratze kolektiboa bertan bera ez uztean, greba mugagabeari ekin genion. Atzo, irailaren 20an, enpresak EEEa bertan behera utzi duela adierazi zigun.
Gauza bat argi daukagu: Enpresak EEEa atzera bota badu, gure borroka eta greba mugagabeari beldur diolako izan da. Bost greba egun hauetan grebaren jarraipena ia %100ekoa izan delako, denda guztiak itxita egon direlako eta langileon borrokarako determinazioa erabateko izan delako. Dendaz denda burututako piketeak, bezeroen elkartasuna, denden aurrean egindako bilkurak, Laudion burututako manifestazio jendetsua eta herri, eskualde zein bestelako lantokietatik zein jasotako elkartasun keinuak erabakigarriak izan dira. Batasuna, antolakuntza eta ekintza sindikala.

Lehenengo helburu hau lortuta, hasieratik esan bezala, bertan behera utzi dugu greba mugagabea. Hala ere, hau ez da hemen amaitu: enpresaren aktibitatea eta gure lanpostuak mantentzeko konponbideak aztertzeko unea da eta horretarako SuperBerriak zein BM enpresekin harremanetan mantenduko gara. Enpresaren aktibitatea zein gure lanpostuen mantentzea bermatu arte, erne, antolatuta eta borrokan jarraituko dugu.

Aurreko ohar batean zabaldu bezala, SuperBerriak-ek Enplegu Erregulazio Espediente prozedura abiatu zuen irailaren 7an. SuperBerriak enpresak lau BM Shop frankizia ditu, Ugaon, Laudion, Amurrion eta Bilbon. Lauek ondo funtzionatzen dute eta horren erakusgarri da erabaki honek langile, bezero zein auzokideen artean sortu duen harridura. Lehen negoziaketa bileran enpresak aurkeztutako dokumentazioa, eskasa izateaz gain, argi-ilunez beteta zegoen eta enpresak ostera aurkeztu duen informazio ere bide beretik joan da. Edonola ere, ez dituzte EEEa justifikatuko luketen arrazoi ekonomikoak frogatzen.

LABek eta CCOOek argi dugu SuperBerriak-ek ardura bat daukala bere langileekiko, eta beraz, jarduera utzi nahi baldin badu, dendentzako eroslea bilatu beharko duela, lanpostu eta langileekiko erantzukizunez jokatuz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide