Administrazio Kontseiluaren kontuen arabera, 2022a etekin handiko urtea izan da. Hala, 2021ean buruzagi berberek gizarteari helarazitako mezua gogorarazi nahi dugu: COVID 19ak sortutako egoera aprobetxatuz, 2020aren hasieran Euskal Herriko lantegietan enplegua suntsitu eta prekarizatzeko estrategia diseinatu zuten. 2021eko otsailean Arabako lantegietako langileentzako enplegu erregulazio espedientea gauzatu zuten.
Plantillak, Aiaraldeak eta Euskal Herriko langileriak lagundu gintuzten, kalitatezko enpleguaren alde 236 eguneko greba mugagabearekin bat egin eta tinko mantenduz. Beti esan izan dugu arazoa koiunturala zela, tenporala. Enpresako arduradunek egiturazko arazoak aipatzen zituzten, petrolioaren prezioa eta erregai fosilak agortzea, besteak beste. Orain aurkeztutako emaitzek arrazoia eman digute, egoera aprobetxatu besterik ez zuten egin nahi. Hala interpretatu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak berak ere, EEE hura arrazoigabekotzat eta kaleratzeak baliogabetzat jotzean.
Are larriagoa izan zen Arantxa Tapia buru duen Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarena. Enpresen bozgorailu izan ziren; jendarteari konpainia horren (eta beste askoren) arazoak soldata eta lan baldintzetatik zetozela sinetsarazteko saiakeran lagundu zuten, enpresaren bideragarritasuna langileen prekarizazioak ekarriko zuenaren ideia zabalduta.
Borroka kriminalizatzen saiatu ziren eskura zituzten tresna guztiekin: telebista publikoa, kide dituzten hedabideak, poliziaren errepresioa eta mozal legea. Bidezko borroka izan zen, eta hala justifikatu dute oraingo etekinek.
Tubacexeko langileok zortzi hilabete behar izan genituen enpresak kaleratzeen erabakia bertan behera uztea lortzeko. Erakunde eta botere publikoek beste alde batera begiratu edo, kakatuak bailiran, buruzagiek idatzi eta hedatutako diskurtsoak errepikatzen zituzten.
Asteon, euskal telebista publikoak Tubacexeko kontseilari delegatu Jesus Esmorisen adierazpen nazkagarriei oihartzuna eman die. Europako lantegietan inbertsioak egitea “oinari tiro egitea” dela esan du. 2021ean arazoa langileen soldata zen. 2023an, lantegiak Europan izateak dakarren energia eta produkzio kostua.
Begi-bistakoa da helarazi nahi duen mezua: diseinatuta daukaten deslokalizazioa iragartzea. Horren aurrean, galdera hauek dauzkagu: Zein izango da gure ordezkari politikoen erantzuna mehatxu honen aurrean? Zein jarrera hartuko dute euskal erakundeek eta euren ordezkariek? Zeinen alde? Guztion onura bermatuko dute edo herriari hainbesteko kaltea egiteko prest dauden administrazio kontseiluetan bilatuko dute euren etorkizuna?