EAGen egoera jasanezina da hainbat arrazoirengatik (langilerik eza, ordutegi-murrizketak, aldi baterako edo behin betiko itxierak, zerbitzu batzuen pribatizazioa...), baina EAGak profesional medikorik gabe irekitzeak egoera hori irmoki salatzera eraman gaitu, pasa den maiatzean Laudioko osasun zentroan bertan egin genuen bezala. LABen ustez, EAGetan medikurik ez egotea pertsonen bizitza arriskuan jartzea da, are gehiago, larrialdietan ere medikurik ez badago.
Gainera, arduraz ikusten dugu zelarien eta erizainen osasuna; izan ere, langile medikorik gabe artatzen ari dira, beren lanari estres handia gehituz, larrialdi-egoeretan profesional mediko baten figura ezinbestekoa baita. Hilabeteak dira EAGetan arrisku psikosozialei buruzko azterlan bat eskatu genuela. Eskaera horrek ez du erantzunik jaso, eta, beraz, Osakidetza da langileon tratu txarren eta gu babes gabe uztearen erantzule.
Osakidetzako zuzendaritzak, pribatizatzeko eta eraisteko ahaleginean, kudeaketa arduragabea egiten du, behar diren profesionalen hornidurarik gabeko zerbitzu batek arriskuan jartzen baitu gure osasuna. LABek askotan salatu du zuzendaritzak egoera hau normaltzeko egiten duten ahalegina. Horregatik, beste askotan bezala, katastrofista izatea leporatu digute, osasun publikoa gutxietsi nahi izatea.
Lan-gainkarga, lan-baldintza prekarioak eta langile-falta ez dira arazo berriak osasun publikoaren eremuan. Zoritxarrez, pertsona baten heriotzak agerian utzi du Osakidetzako giza baliabideen politikak erabateko babes faltan uzten gaituela.
LABek premiazko deia egin dio Osakidetzako Zuzendaritzari, berehalako neurriak har ditzan. Premiazkoa da medikuen kontratazioa handitzea eta lan-baldintzak hobetzea, herritarrek kalitatezko osasun-arreta jasoko dutela bermatzeko.
Guzti honengatik, bai jendarteari, bai Osakidetzako langileei gaur 18:30ean Laudioko Udaletxeko plazatik aterako den manifestaziora joateko gonbidapena luzatzen diegu