2016ko San Ferminetan izandako bortxaketaren inguruan, atzo, apirilaren 26an, epaiaren berri izan genuen. Haren arabera, gertatutakoa sexu gehiegikeria izan zen eta ez sexu erasoa.
Epaia kontuan izanik, Aiarako Udalak honakoa adierazi nahi du:
1.- Udalak elkartasuna adierazi nahi dio biktimari eta esan nahi dio sinesten diogula.
2.- Udalak adierazi nahi du ez dagoela ados epaiarekin, gertaerak sexu gehiegikeria delitutzat jo direlako. Era berean adierazi nahi du espero duela Fiskaltzak epaiaren aurkako errekurtsoa gauzatzea.
3.- Udalak bat egiten du herritarren artean dagoen etsipenarekin eta epaiaren aurkako mobilizazioekin, Udala ere ez dagoelako epaiarekin ados.
4.- Udalak emakume guztien askatasun eskubidea aldarrikatu nahi du eta, aldi berean, adierazi nahi du Aiaran ez dugula onartuko emakumeen aurkako eraso sexistarik.
5.- Udalak berretsi nahi du lanean jarraituko duela berdintasunaren eta emakumeen eskubideen alde eta indarkeria matxistaren aurka, elkarte, talde feminista eta herritarrekin elkar lanean.
6. Dei egin nahi die herritarrei gaur, apirilaren 27a, 12:00etan Amurrioko Epaitegiaren aurrean mugimendu feministak deitutako mobilizazioan eta antolatu daitezkeenetan parte hartzera.