Etxaurren Ikastolako jolastokia eraldatzeko elkar-sorkuntza prozesua jarriko dute martxan Aiarako Udalak, Etxaurren Ikastolak eta Guraso Elkarteak, Tipi Elkartearen laguntzarekin.
Eskolako patioa ume askok esperimentatzen duten lehendabiziko espazio publikoa izanik, garrantzia handiko eremua da, baina, orokorrean eskolako patioak eta espazio komunak ez dira modu egokian diseinatu eta pentsatu. Hala, espazio hauen diseinuak erabileran eta banaketan genero hierarkiak sortzen ditu eta ez dira kalitatezko harremanak eta esperientziak ematen.
Etxaurren Ikastolak, jolastokiaren eraldaketarako eta espazio berrien erakargarritasuna lantzeko, eskola komunitatearen, eta bereziki ikasleen nahi eta beharretatik eratorritako prozesu parte-hartzailea jarriko du abian.
Hezkidetza batzordeko umeak izango dira motore eta beraiek hartuko dute gainontzeko haurren iritziak jasotzeko ardura. Tipi Elkarteak beraiekin lan egingo du prozesu guztian zehar hainbat saio eta topaketa antolatuz.
Prozesua garatzeko 3 hilabete beharko dira: otsailetik maiatzera. Denbora tarte horretan jarduera desberdinak burutuko dira, hala nola formakuntza saioak, ekintza sortzaileak, lanketa bereziak tutoretzetan, ikasle topaketa eta itxiera festa.