Beste urte batez, Aiarako Udalak langabetu batzuk kontratatuko ditu, Aiarako Kuadrillako 2022-2023 Eskualdeko Enplegu Planari esker. Plan horiek LANBIDE-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituzten langabeei zuzenduta daude, laneratzea errazteko helburuarekin.
Aiarako kasuan, bere alkateak, Gentza Alamillok, adierazi du “aurreikusita dagoela udal-brigadari laguntzeko peoi lanpostu bat eta udal-bulegoetan administrari laguntzaile bat kontratatzea”, eta azaldu du “iragarkiak dagoeneko argitaratuta daudela Euskal Enplegu Zerbitzuan, eta, beraz, interesa duten pertsona guztiek LANBIDEren bidez eman ahal izango dutela izena azaroaren 30era arte, beren web-zerbitzuaren bidez”.
Halaber, Alamillok aurreratu du “kontratazioak abenduaren 31 baino lehen egingo direla”, beraz, datozen egunetan hautagaitza profesionala aurkezteko deia egin die lanpostuetan adierazitako baldintzak betetzen dituzten bizilagunei.