Eusko Jaurlaritzak berriki ebatzi du euskarazko hedabideen dirulaguntza deialdia. Aiaraldea Komunikazio Leihoa Tokikom eta Hekimeneko kide izanik, azken honek ebazpenaren aurrean egin duen balorazioa zabaltzen dugu hemen.
Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) ebatzi egin du 2015eko diru laguntza deialdia, urtero euskarako hedabideak sendotu, eraginkortu, garatu eta normalizatzeko helburua duena. Denera, 4.962.323 €, iaz baino 94.000 € gehiago. Iaz bezala, aurten ere irismena izan da laguntzak banatzeko irizpide nagusia, eguneroko informazioa edo albisteak edo gai hautatuak egunerokotasunetik haragoko sakontasunez lantzen dituzten hedabideen kasuan ehun puntutik 70 erabaki baitira irismen mailaren arabera, hau da, “hedabideak bere eragin-eremuan duen irismen-mailaren” arabera.
Iaz bezala, aurten ere aldeak daude hedabide bakoitzak jaso duenaren inguruan. 94.000 € gehiago banatu dira batez ere Interneteko atarien artean, baina, iaz bezala, Hekimenek adierazi nahi du irizpide bati erabateko nagusitasuna emateak, kasu honetan irismenari, eragin handia duela sektorearentzat hain garrantzitsua den deialdi honetan, eta horrek, ondorioz, gogoeta luzatua, pausatua eta, ahal dela, sektorearekin kontrastatua eskatzen duela.
Iaz, Hekimenek azpimarratu zuen diru laguntzen deialdiaren poltsa aurreko urteetako berdina izatea eta hedabide gero eta gehiagoren artean banatu behar izatea ez zela sektoreak behar duen babesa, kontuan hartuta administrazioen laguntzak pisu espezifikoa galtzen ari direla urtetik urtera. Gogoratu behar da Eusko Jaurlaritzak banatzen dituen diru laguntza hauek garrantzitsuenak direla sektorearentzat eta, aurtengo igoera kenduta, ia aldaketarik gabe izoztuta egon direla 2012tik, orduan milioi bat euro jaitsi ondoren (-%15). Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako diputazioek hedabideentzat ematen duten diru laguntzek, orokorrean, bere horretan jarraitzen dute, aldaketa nabarmenik gabe.
Irismenari %70eko puntuazioa esleitzeak aldaketa handiak sortu zituen iazko ebazpenean eta Hekimenek hainbat gomendio luzatu zizkion orduan HPSri, deialdian sar zitzan:
-
Kontuan hartu behar da hedabide bakoitzaren izaera eta hedadura: hedabide guztien publiko potentziala ez da bera.
-
Irismena neurtzeko orduan, kobertura ez ezik frekuentzia ere baloratu behar da, alegia zenbatero banatzen den produktua; eta kobertura neurtzean, denentzat unitate bera hartu behar da aintzat, adibidez astean behingo irakurle kopurua denentzat.
-
Halaber, irismena neurtzeko aldagai homogeneoak behar dira:
-
Irismena puntuatzeko modu bera
-
Irismena neurtzeko modu bera
-
Ikusirik gomendioak ez direla aintzat hartu eta aurten ere iazko irizpide berdinak erabili direla diru laguntzak banatzeko, euskal hedabideen elkarteak berretsi nahi du:
-
Hedabideen sektoreak gogoeta zabala eskatzen duela eta gogoeta horrek isla izan behar duela, gero, diru laguntzen deialdian.
-
Sektoreak duen irismena, efizientzia eta eraginkortasuna kontuan hartuta, hedabideek beste inbertsio batzuk behar dituzte, urterokotasuna gainditu eta urte anitzeko diru laguntzen deialdiari begira.
-
Sektorearen alde ekonomikoa ez ezik, alde soziala ere aintzat hartu behar dela.
Andoain, 2015eko uztaila