“Erabakitzeko eskubidea” hainbat aldetan zabaltzen da, eta orotan herritarren ongizatea helburu: politikoa, herrigintzazkoa, ekonomikoa, gizartezkoa...eta norberazkoa ere bai. Azkenengo honetaz den bezainbatean, erabakiak hainbat eratara nabaritzen dira, norberaren irudian esaterako, edo genero-nortasunean, edo sexu-jardueran, edo erlijioan, edo iritzi eta aburuetan, eta bizitzaren hondarreko heriotzean ere bai.
Heriotzeko erabakia norberaren ikuspegitik nola hartu behar den aztertu genuen, lehengo egunean Laudioko AIARALDEA BAT elkarteak eratu zuen hitzaldian, “Heriotzaldirako aginduak: aurretiazko nahien agiria” izendurik; otsailaren 26an egin zen, “Erabakitzeko Eskubidearen Aniztasuna” delako egitaldi-sortaren barruan, eta Pentsionistak Martxan taldeak lagundurik.
Hitzaldia Cristina Valverdek eta Teresa G. del Valle Iralak eman zuten, Euskadiko DMD-DHE (Duintasunez Hiltzeko Eskubidea) Elkartearen ordezkari. Heriotzaren aurrean zer egin behar den eta horretaz hitz egin zuten, aurretiazko nahien agiria nola egin daitekeen eta azalduz, bizitzaren azkenaldian heriotza gaizto, gaixotasun sendaezin edota oinaze larriko egoera gerta baledi. Gero eta zaharrago den gizarteon, gaixotasun degeneratibo eta kronikoak gero eta ugariago diren honetan, halako egoera larriak ere sarriago gertatzen dira. Honen aurrean, hizlariek aholku eman zuten, bizialdiaren hondarrera baino lehen, nor bere buruaren jabe deino, idatziz eta agiriz nolako eta noren laguntzaz nahi duen heriotza zehatz dezan, nork bere azkena duintasunez erabaki ahal izaitearren, bere aukeraz, onustez eta gogoz gerta ledin.
Teresa García del Vallek hainbat aukeraren berri eman zuen, nork bere bizieraz eta duintasunez hiltzeko eraz dukeen erabakiaz: eutanasia, lagundutako buru-hilketa, sendabideei uko egitea, sendaketa terapeutikoa murriztea, zainketa leungarri soila onartzea. Hizlariak adierazi zuenez, herritarrik gehienek hilzoriko oinazeak ekiditea nahi dute. Norberaren erabakitzeko eskubidea, hala ere, legeak mugatzen du, lehentxoago aipatu azken hiru aukerak onartzen baititu, ez besterik. Gaixoaren Autonomiaren Legeak estatuan (2002) eta Pertsonen Duintasuna eta Eskubideak Bermatzeko Legeak Euskadin (2016) eutanasia eta buru-hilketa baztertzen dituzte.
Cristina Valverdek Aurretiazko Nahien Agiriaz hitz egin zuen. Agiri hau norberak, bere buruaren jabe delarik, adinez heldua, legez gaitua eta buruz bere onean dagoenak idatzi behar du, nola hil nahi duen, legearen barruan eta sendagileen laguntza onaz, zehazteko, bere bizialdiaren hondarrean, buru galdurik gertatuz gero, heriotza nolakoa nahi duen agintzearren. Agirian nolako sendabideak onartuko dituen, non artatua izan nahi lukeen, soin-atal emaile datekeen, nor dukeen ordezkari edo bere nahien betearazle, nor sendagileekikoen egile, e. a. zehaztu behar luke, azkenengo uneetan edo egoera larrietan bere nahia betea izan dadin. Agirian idatzitakoa noiz edo noiz alda lezake. Idazkia hiru bidez egin ahal da: Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailean dagoen Aurretiazko Nahien Euskal Erregistroan; hiru lekukoren aurrean; notarioaren aurrean (60 euro inguruko ordaina).
2003. urtearen azkenaldian sortutako Euskal Erregistroan gaur-egun 20.000 lagunen aurretiazko nahien agiriak dagoz. Hitzaldian eta galdera-erantzunetan aipatu bezala, agiria baimendun sendagile eta erizain zenbaitek ikusteko eskubidea ukaitea garrantzizkoa da; eta beste erkidegoetako erregistro edo errolda guztiekiko harremanak eratzea ere guztiz egokia litzateke. Honetaz eta haretaz hurrengo bilkura batean ere mintzatuko da, martxo-epailaren 21ean, Kultura Etxeko Arraño gelan, zazpietan egingo baita.