Maribel G. Valle Irala eta Cristina Valverde “Derecho a una muerte Digna/Heriotza Duineko Eskubidea” elkarteko ordezkariek hitz egin zuten.
Hitzaldia hasteko “Libres hasta el final” dokumentala ikusi zen. Sendakintza egun hain aurreratua denez gero, hil-zorian dagoen lagun baten bizi-zantzuak egonkortu edota arnasa hartzeke, jan-edateko gaitasunik bage, ere bizirik iraunarazteko gauza da. Oraindik, ordea, ez dugu haintzat hartzen heriotza berandutzearen ondorioak, sarri, heriotza bera ere guztiz era antinaturalean behartzea direla, jasangaitza den oinazea luzatzea izan bailiteke.
Heriotza bizitzaren luzapena da, eta hizlarion eritzian, nork nola hil nahi duen erabakitzeko eskubidea ukan behar du, sendaezina den gaisotasuna denean edo oinaze ezin jasanezkoa denean.
Lege aldetik, lagunduriko buru-hilketa herrialde gutitan onartua dago, eta baldintza etiko, mediko eta legezko batzuk beterik: Belgika, Herbehereak, Luxemburgo eta Suitza dira Europako herrialdeak, eta Ameriketakoak Kolonbia, Kanada eta AEBko Oregon, Washington, Montana, Vermont eta Kalifornia dira. Honelatan bada Charlie eta Francie aldi berean hiltzea erabakita zegozen, era duinez sendagileak emaniko pilula hilgarria irentsiz. Horrako era hori beste 1.330 lagunek aukeratu zuten, 1997az geroztik, Oregon izan baitzen munduan duintasunez hiltzeko osagile-laguntza legeztatu zuena.
Aipatu estatu horietarik at, beste hainbat lekutan, bizitzaren azkenengo ordu latzetan egon den nordin ugarik, duintasunez eta nahi bezala hiltzeko eskubidea erabiltzearren gogor borrokatu behar ukan du, legearen barruan lagunduriko buru-hilketa gauzatu ahal izaiteko. Hitzaldia eskaini zuten biek, estatu espainiarreko gertakari hedabideek ospetsu bilakaturiko batzuk aztertu zituzten, bereziki.
Ramón Sampedro, tetraplegikoa, oso eginkor aritu izan zen (Cartas desde el infierno, 1996; Cuando yo caiga, 1998; Mar adentro, 2004) heriotzeko orduan lagundu zioten nordinek legea hauts ez zezaten, eta 1998an zianuro potasikoaz edendua hil zen. Iván, alboko esklerosi amiotrofikoa (ELA/ AEA) gaisotasuna zuena, duintasunez eta gainerako oinaze jasangaitza ekidinez hil nahian, 2017an laguntza eskatu zitzaion eta “adiskide baten
eskuak” lagundurik zendu zen, senide eta adiskideen artean egin ezinean. Inmaculada Echevarría, 51 urteko emakumea, 11 urte zuenaz gero gaisotasun degeneratiboak joa, 2017an bost hilabetean itxaraiten egon zen, bizirik iraunarazten zuen arnasa-emangailu mekanikoa, legearen baimenaz, ken ziezaioten eskatu eta gero. Beste gertakari bat Antonio Aramayona-rena: 2007an geroztik gurpil-aulkian (“motordun txilibitari”), iktus bat eta bihotzeko bi jasan ondoan, bizia galtzea erabaki zuen, nork bere bizitzaren une guztietan bere buruaren jabe izaiteko eskubidea erabiliz, eta noiz-nola hil nahi duen ebatziz (Mi último artículo, para tí, 2016).