Aiaraldea Ekintzen Faktoriak komunikabideko zereginetarako lan-poltsa ireki du. Hedabideko eginkizunei erantzuteko (edizio digitala, papereko edizioa…) profesionalen lan-poltsa osatzea da helburua. Ikus-entzunezkoek indar handia hartu duten garaiotan, bideo ekoizpenetarako lan poltsa propioa eratzea da asmoa. Curriculumak bidaltzeko epea urriaren 31an bukatuko da. Interesdunek lanpoltsa@aiaraldea.eus helbidera bidali behar dute euren curriculuma.
Izena ematen dutenen artean 2 lan poltsa bereiziko dira; ikus-entzunezkoena eta erredaktoreena. Hala, etorkizunean hedabideko tresnetako ordezkapenak edo betekizunak gauzatuko dira. Lan poltsaren hurrenkera osatzeko, ondorengo elementuak baloratuko dira:
Ikus-entzunezko lan poltsan baloratuko dena:
- Lizentziaduna edo graduatua izatea kazetaritzan, ikus-entzunezkoetan edo komunikazioan.
- Bideoak grabatzeko eta editatzeko gaitasuna.
- Multimedia programen ezagutza, argazki eta bideo edizioei dagokienean.
- Zuzenekoetan edo bestelako ikus-entzunezkoetan esperientzia.
- Gida baimena izatea.
- Euskarazko Gaitasun Agiria izatea.
- Taldean lan egiteko gaitasuna .
- Lan esperientzia.
- Aiaraldean jaio, lan edo bizitzea.
Erredakzio lan poltsaren eguneraketa
Bestalde, Aiaraldea Hedabideko edizio digitalean (www.aiaraldea.eus) eta paperekoan (Aiaraldea Hemen hamabostekaria) aritzeko kazetari edo komunikazio langileek curriculuma bidali ahalko dute datozen bi asteetan ere. Modu horretan, erredakzio lan-poltsan sartuko dira, aurrerantzean sor daitezkeen beharrei bide emateko.