Hiru hilabeteko egitarau bizia eta zabala prestatu du Faktoriak: Anari, hitzaldiak, umeen jaiak, urteurren festa...

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldea Ekintzen Faktoria 2024ko api. 26a, 06:00
Anarik Faktorian jo zuen inaugurazio jaian. / Aiaraldea.eus

Haur, nerabe, gazte, familientzat zein helduentzat jakintza-arlo ezberdinetako ekintzak antolatu ditu Aiaraldea Ekintza Faktoriak: elikadura, osasuna, hezkuntza, kultura, kulturartekotasuna, feminismoa... ardatz hartuta.

Horren guztiaren berri eskuorria sortu eta banatu du Aiaraldea Ekintzen Faktoriak eta, horrez gain, webgunea ere bisitatu daiteke.

Hiru hilabete hauetan martxan jartzen ari garen egitasmo ezberdinen aurkezpenak egongo dira: Subete proiektuaren aurkezpena (etxera eramateko tuper agroekologikoen proiektuaren berri izango dugu), kulturartekotasun familiak proiektuaren aurkezpena (harrera herri bilakatzeko) eta ideien asanblada (komunitate osoarentzat zabalik dagoen asanblada, Faktoria espazioaz hausnartzeko eta programazio proposamenak egiteko). 

Familientzako, barraskiloen txangoa zein Faktoria kolorez betetzeko egitasmoa antolatu dugu. Nerabeentzako, ihes gela zein mahai jolasen topaketa. 0-3 bitartekoentzat, 0-3 espazioa antolatzen jarraitzen dugu.

Ostiraletan Udaberriko doako ludoteka antolatu dugu, udaberrian girotuta, familientzat.

Hitzaldiak

Berbaldien kasuan,  Aiaraldeko mendiak bizirik, Habitatutako pabilioi bat eta Feminismoa, kulturgintza eta euskalgintza elkarren eskutik antolatu ditugu. Horietan, ekologia, feminismoa, kultura eta arkitektura paradigma berrietan murgiltzeko aukera izango dugu. 

Kultur emanaldiei dagokienez, badira hogei urte Arzuagak bere “Argi izpi bat” diskarekin eszenara salto egin zuenetik, eta indarberrituta datorkigu esperientzia guzti honi birpasa egiteko, baita ikastolako gazteen antzerki emanaldietaz gozatzeko aukera ere izango dugu. 

Trebakuntza

Formakuntzei dagokienez, Ekonomia Sozial eraldatzaile jardunaldiak abiatu ditugu, Olatukoopekin batera. Horrela, Olatukoopeko kideen jakintza lagun, gure eskualdean ekonomia soziala eraldaketa perspektiba batetik lantzeko lanabesak jasoko ditugu.

Apiriletik ekainera arte, lau ostiraletan doako trebakuntza saio irekiak eskainiko ditugu. 

Energia Komunitate jardunaldiak antolatu ditugu maiatzaren 11n, horretan, Goiener kooperatibarekin batera, Aiaraldean sortzen ari diren eta sortu nahi diren energia berriztagarrien komunitateentzako topaketa eguna antolatu dugu. 

Halaber, sagarra hamaika eratan sukaldatzeko tailerra antolatu dugu, Olatxuko laboreko kideen eskutik. 

Jaia: Faktoriak 3 urte

Faktoriaren urteurrena ate joka dugu: 3 urte ametsak aireratuz. Horretan, maiatzak 18, Faktotxiki gaua antolatu dugu, umeentzako programazioarekin: ludoteka, jolas librea, puzgarriak, pizza tailerra, afaria eta eguna bukatuta da, gaubela batekin, Faktoria lotoki bilakatuta.

Maiatzak 25, denontzako jaia izango dugu, 18.30ean herrIko plazatik kalejira musikatua abiatuta, 20.00etan Faktorian doako parrillada eta 22.00etan Anariren kontzertua, sarrerak eskuragai daude.

Ekainean Ez Dok Bape taldearen kontzertua ere eskainiko dugu. Informazio guztia hemen duzue.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide