Euskal Herriko etxeen %39k SmartTVrik ez dutela jakinik, kalte konponezina sortu dezake honek euskararen normalizazioan.
EITBk martxoaren 16an jakinarazi du 2026ko martxoaren 18tik aurrera, ETB3 haurrentzako euskarazko kateak emititzeari utziko diola. Haren lekuan ETB1ON katea agertuko da telebistetan, eta bertan, ETB1eko hainbat edukiren errepikapenak eta zuzeneko saioak eskainiko dituzte.
Haurrentzako euskarazko telebista kate bakarraren desagerpenak kalte atzeraezina sor diezaioke euskararen normalizazioari. Izan ere, MAKUSI haurrentzako euskarazko doako plataforma telefono, tablet, eta telebista adimendunetan ikusgarri badago ere, Euskal Autonomia Erkidegoko etxeen ia %40k, 2025eko abenduko Eustaten datuen arabera, ez du SmartTVrik, eta datua Nafarroa eta Ipar Euskal Herrian antzekoa dela pentsa genezake. Gainera, merkatuan dauden Telebista adimendunen %20 inguru ez dira bateragarriak MAKUSI plataformarekin, beraz, SmartTVa duten etxe askotan ere ez dago haurrentzako plataforma ikusteko aukerarik.
Horiek horrela, ETB3ren desagerpenak Euskal Herriko familien erdia haurrentzako euskarazko katerik gabe utzi dezake.
80. eta 90. hamarkadetan euskarazko marrazki bizidunak, garai hartan ETB1en ordu luzez, goizez zein arratsaldez, eskaintzen zirenak, funtsezkoak izan ziren belaunaldi oso bat euskalduntzeko. ETB3ren itxierak, ataka larrian jarriko ditu gailu adimendunetan marrazkiak ikusteko aukerarik edo ohiturarik ez duten milaka haur, izan ere, etxe horietan Boing, Clan, eta beste hainbat haurrentzako kate bihur daitezke eguneroko aukera bakarra. Datozen egunetako programazioa arakatuz, badirudi hemendik aurrera marrazki bizidunak ETB1en emango dituztela, baina honako ordutegian: goizeko 6tatik 8etara eta 14:30etatik 16:30etara. Beraz, arratsaldetan eskolatik bueltan sofan esertzen diren milaka haurren aukera bakarra gaztelerazkoa izango da aurrerantzean, SmartTVrik ez duten etxeetan.
Digitalizazioak kontsumo ohituretan aldaketak ekarri dituela, honek egokitzapenak eskatzen dituela, eta hemendik urte batzuetara telebista konbentzionala desagertze bidean egon daitekeela jakinik ere, ez dugu uste ETB3 ixteko momentua heldu denik. Pantailak Euskarazen ustez, ETB3 katearen audientzia apalari (%0,2 ingurukoa) erantzuteko modua honen aldeko apustua indartzea eta honen erreferentzialtasuna biderkatzea litzateke, Katalunian SX3 haurrentzako kate eta plataformarekin egin duten bezala, (urte gutxian honen audientziak biderkatu dituzte nazioarteko eduki erakargarrien aldeko apostuaren bidez) eta ez telebista kate hau egun batetik bestera ixtea.
EITBri haurrentzako ETB3 katea ixteko bere erabakian atzera egin dezala, eta bere sorrera legean dagoen euskararen normalizaziorako helburuari lotu dadila eskatu nahi diogu, Euskal Herriko etxe guztietara haurrentzako edukiak modu unibertsalean eta ordu oro iritsiko direla bermatuz.
Pantailak Euskarazek sinadura bilketa bat abiatuko du martxoaren 18an, ETB3 Ez Itxi! lelopean, Eusko Jaurlaritzari eta EITBri haurrentzako euskarazko kate unibertsal bat bermatu dezala eskatuz. Honakoa da sinadurak biltzeko martxoaren 18tik aurrera martxan dagoen helbidea.