Ez dira garai samurrak pilotazaleontzat. Azken hilabetean Baikoko pilotari gehienek egindako adierazpenean adierazi zutenez, enpresa honetara zuzendari nagusi berria heltzean hasi ziren arazoak, nahiz eta dena azkartu duen gertakaria COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoa izan den. Soilik hiru pilotarik ez dute sinatu adierazpen kolektiboa; horien artean, Urrutik eta Aimar Olaizola txapeldunak.
Pilotari hauek elitean daude. Baina haien lankideekiko izan duten elkartasun-ezak haien “txapeldun” irudia zapuzteaz gain traidoretzat hartzea ere ekarri du. Izan ere, pilotaren etorkizuna kontuan hartu gabe, haien klaseak ematen dien pribilegioez baliatu dira, nondik datozen ahaztuz. Ez da zaila ulertzea interes pertsonal horiek defendatzean gainerakoa debaluatu dutela, pilota eskolen eta federazioen nahiak alboratuz eta haien enpresako pilotari gazteen eskakizunei, soldata duin bat izateko nahi xumeari, bizkarra emanez.
Bitartean, Baikoko pilotarien gehiengoak greba abiatu zuen pasa den ostiralean. Haien eskakizunak bete bitartean grebarekin aurrera jarraitzeko asmoa dutela, 21era arte deitua baitago. Eskakizun horien artean enpresatik kanpo geratu diren pilotariak berriro itzul daitezela aldarrikatzen dute.
Pilotazaleok zer egin dezakegu? Egunotan hainbat adierazpen dira pilotaren egoeraren inguruan, baina inork ez du soluzio sendorik ematen. Nire aburuz, irtenbidea, Pilotabizi Elkarteak adierazi bezala: kluben arteko elkarlana sustatzetik, erakunde publikoen babesa izatetik eta pilotariak profesional izatera heltzen direnean, enpresek duintasunezko tratua ematetik; bai pilotariei, bai klubei oinarri-oinarrizkoa da. Pilotaren etorkizuna bermatuko badugu.