Berriz ere, abenduaren 3arekin batera, iritsi da Euskararen Nazioarteko Eguna Urduñara. Hori dela eta, hainbat elkartek egitarau zabala prestatu dute.
Oraingoan ospakizuna ez da larunbatera soilik mugatuko, aurreko egunetan ere, gaur eta bihar kasu, ekitaldiak antolatu baitituzte.
Gaur, hain justu, arratsaldeko 17:00etan, "Hala Bazan” ipuina txotxongiloekin izango da kultur-etxean eta 19:00etan, Felix Muguruzaren eskutik datorkigu “Euskara aiaraldean, urduñarrek argitutako ilun-unea” hitzaldia.
Ostiraleko egitaraua honako ekintzekin osatuko da: 17:00etan, “Zuhaitz jolasak” tailerrak eskainiko zaizkie umeei. 19:00etan, “Izan, egin, eragin” dokumentala proiektatuko da kultur etxean ere bai eta 20.30etarako Urduñako tabernetatik pintxo-poteo euskalduna prestatu dute.
Larunbatean, goizeko 11:00etan hasiera emango zaio egunari: Hasteko, 11:00etatik 14:00ak arte, umeentzako jolasak eta puzgarriak egongo dira Foru Plazan. 12:00etan, “Urduña euskaldundu” kalejira Foru plazatik abiatuko da eta jarraian, 13:00etan, poteo-kalejira.
15:00etan, urteroko ohiturari jarraikiz, Bertso bazkaria Izar Mendiguren, Ruben Sanchez eta Irati Anda bertsolariekin osatuko da Mariaren Lagundia ikastetxean.
Bazkal ostean, Disko Pottoka eta txokolatada egongo dira 17:00etatik aurrera eta eguneko ekitaldiei amaiera emateko, erromeria Obaneuke taldearen eskutik eskeiniko da.
Aurten, “Gau eta egun, Euskara mintzalagun” lelopean, sustatzaileek gonbidatzen gaituzte ospakizunean parte hartzera, eta ohikoa denez, egun ederra pasatzeko eskaintza luzatuko diote bertaratzen denari.